4 langabe gehiago zenbatu dira Oñatin apirilean

2022/05/04
Card image cap
25 eta 45 urte artekoen artean gehitu da bereziki langabeen kopurua gurean

  350 langabe zeuden Oñatin apirila amaieran, 144 gizonezko eta 206 emakumezko. Langabezia tasa % 6,43 da une honetan.
Gora behera txikiekin jarraitzen dugu herriko langabeziari dagokionean, pasa den hilean bi langabe gutxiago zenbatu ziren, orain lau langabe gehiago. Lana topatu guran dauden gizon nahiz emakumeen artean gertatu da gehikuntza, baina adinari erreparatuta, ezberdintasunak izan dira. Hala, 25urtetik beherako gizonezkoetan eta 45 urtez gorako emakumezkoetan gutxitu egin da langabe kopurua gurean, gainontzekoetan berriz, gehitu. Orokorrean 25 eta 45 urte artekoen artean handitu da langabe kopurua Oñatin.

  Kopuruak antzekoak dira orain urtebeteko datuekin alderatuta, iaz 352 langabe zenbatu ziren apirilean eta aurten, 350. Baina pandemia aurreko azken apirilera begiratuta, hau da, 2019kora begiratuta, aldeak handiagoak dira, orduan, egun baino 35 langabe gutxiago zeudelako herrian.

  Hego Euskal Herrira begira jarriz gero joera orokorra bestelakoa da eta martxoan baino langabe gutxiago zenbatu dira herrialde guztietan, 2.503 langabe gutxiago Hegoaldean. SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren arabera, hilaren amaieran 148.980 lagun zeuden langabe gisa erregistratuta Lanbideren eta Nafarroako Lansareren bulegoetan.

  Azken hilabete honetan Euskal Autonomia Erkidegoan egin diren kontratu berrien hirutik bat kasik, mugagabea izan da, martxoan baino gehiago. Zentzu horretan, hartu diren politikek enpleguan positiboki eragin dutela adierazi du Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!