36 eskaera jaso dira jada, Iturrigorritik ateratako su egurra eskuratzeko.

2012/04/11
Datorren asteartean amaitzen da, zuhaitz motz berriak sortzeko kimaketetatik ateratako su egurra erosteko eskaera epea.

   Udalak, bigarren urtez jarraian zabaldu du herritarren artean, Iturrigorriko pagaditik aterako den su egurra erosteko aukera. Eskaerak egiteko epea, pasa den asteartean ireki zen eta aste santuko jai egunak tartean egonik ere, 36 eskaera jaso dira jada udal bulegoetan. Epea amaitzeko falta diren 6 egunetan, eskaerak asko ugaltzea espero da. Iaz, hartarako aukera eman zen lehen aldian 134 eskaera jaso ziren nahiz eta atera ziren loteak 28 bakarrik izan. Aurten ere, eskaerak eskaintza gaindituko duela dirudi. Itturrigorritik, 25en bat kamioi ateratzea aurre ikusten baita. Horretxegatik, esleipena zozketa bidez egitea aurre ikusten da. Horretan, lehentasuna, iazko zozketan sarituak izan ez zirenek izango dutelarik. Baina une honetan, eskaerak egiteko epea da zabalik dagoena.

  Su egurra, 20-60 zentimetro bitarteko diametroa duten 5 metro inguruko enborretan emango da eta guztira, 13-15 tonako kamioikadak salduko dira. Herritarrei, su egur kamioikada 550 eurotan erosteko aukera eskaintzen zaie. 

  Su egurraren garraio eta zamatze lanak Udalaren kontura izango dira. Kamioia eskatzaileak aldez aurretik esandako tokian hustuko da. Kontuan hartu behar da, hori bai, egurra uzteko aukeratzen duen lekua Oñatin egon behar duela, kamioia bertaraino iristea ahalbideratu beharko duela eta ezingo dela egurra eremu publikoan utzi.

  Interesa duenak oinarrizko baldintza batzuk ere bete behar ditu: Oñatin erroldatuta egon behar du eta erositako su egurra norberaren etxeko kontsumorako izan behar da. Alegia, ezin da su-egur hori beste bati saldu. Su-egurra deskargatuko den lekua eskaera orrian adierazi beharko da eta hori, lehen esan bezala, ezin izango da lur publikoan egon.

  Eskabideak aurkezteko epea datorren asteartean apirilaren 17an amaituko da. Eskaerak udal bulegoetan presentatu behar dira. Baserri edo etxebizitza bakoitzeko eskatzaile bakarra onartuko da. Egurra, esleitu edo zozketa egin ondorengo bi hilabeteetan zehar entregatuko da.

  Tradizioz gure basoetan izan diren pago motzak mantentze aldera Iturrigorriko pagadian LIFE biodibertsitatea programa gauzatzen ari dira. Hala, aurten ere,  40-70 urte bitarteko pagoei adarrak moztuko zaizkie. Hortik sortzen den egurra, sutarako salduko da.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!