350 neska mutikok eta 38 begiralek, 2 laguntzailek eta beste horrenbeste koordinatzailek parte hartuko dute gaur hasi diren udaleku irekietan.

2013/07/01
Arte udalekuetan beste 10 gazte hasi dira.

  Aurten ere ETEO eraikina izango da udaleku irekietako neska-mutil eta monitoreentzat topalekua. Haurrak utzi eta hartzera, geletaraino joan beharko dute zaintzaileek.

  2003 eta 2009 urteen artean jaiotako neska mutikoak adinka, 3 talde nagusitan bildu dituzte eta bakoitzak ekintza programa berezitua gauzatuko du. 3 egunetan, dena den, guztiek bat egingo dute: datorren astelehenean, uztailaren 8an, entzierroa korrituko dute plaza eta Kale barrian; uztailaren 16an, plaza eta ondoko jolasgunean, herri kirolak, olinpiadak eta ipuin jolasen eguna ospatuko dute eta uztailaren 24an, azkenik, AGUR MILAKOLORE ikuskizuna egingo dute Bidaurretako berdegunean. Azken jai hau uztailaren 24an egingo bada ere, udalekuak 26an amaituko dira.

  Hortik aurrera, esan bezala, adin talde bakoitzak ekintza egitarau ezberdina osatuko du. Baina egunero egingo diren ekintzak zehaztuz eta taldeak non egongo diren adieraziz, aste osoko programa jasoko duten kartelak jarriko dira ETEOko sarrera nagusian. Hala, berandu datorrenak edo haurra lehenago hartu behar duenak, non eta zertan dauden jakin ahal izango du.

  Udaleku irekietan, 3-4 eta 10 urte arteko neska mutikoek parte hartzen duten bezala, 12-15 urte bitartekoei eskainita, ARTE UDALEKUAK hasi dira gaur Gaztelekuan. Arte udaleku hauek, uztailaren 19ra arte luzatuko dira eta astelehenetik ostiralera hiru orduko iraupena izango dute, 10etatik ordu batera. Tarte horretan, marrazketa, margoketa, eskultura eta arte sorkuntzarako programa informatiko ezberdinak landuko dituzte. 10 gaztek hasi dituzte gaur arte udaleku hauek.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!