33 puntuko lan-zerrenda luzea zehaztu da gaurko Osoko Bilkurarako

2022/03/31
Card image cap
2021eko udal aurrekontuaren likidazioa eta sei mozio proposamen aztertuko dira, besteak beste

  Gai ugari jaso dira martxoko Osoko Bilkurarako lan zerrendan. Hainbat diru-kontu azalduko dira udalbatzaren hileko bileran: 2021ko udal aurrekontuaren likidazio proposamena eta udalak eman ohi dituen zenbait dirulaguntzen oinarri eta deialdiak, besteak beste. Baina mozio-idatzi ugariek ematen duten atentzioa, halako sei zerrendatu baitira, eta bakarra da udalbatza osatzen duten bi taldeen adostasunez proposatuko dena.

  Sahararen inguruan Espainiako gobernuak azaldu duen azken posizioaren aurrean mozioa adostu dute EH Bilduk eta EAJ taldeak. Ukrainako gerraren inguruko mozioak ere izango dira gaurko Osoko Bilkuran baina kasu honetan udal talde bakoitzak bere aldetik ondu eta proposatutakoa; EAJrena Vladimir Putinek Ukrainaren aurkako erasoa arbuiatzeko izenburupean aurkeztu da eta EH Bildurena Ukainako gerrari buruzkoa izenburu orokorpean.

  EAJk azken Osoko bilkuran baso landaketa eta kudeaketaren inguruan presazko izaeraz aurkeztu zuena gaur aztertuko da, halako premiazkotasunik ez baitzion aitortu gobernu taldeak otsailean. EH Bilduk, bestalde, Oñatiko pentsiodunen eskaerari eta Elkarrekin gara ekimenaren manifestuari babesa emanez, bi idatziak mozio eran eramango ditu arratsaldeko bilkurara.

  18.30tan hasiko da martxoko Osoko Bilkura eta Oñati Irratiak zuzenean eskainiko du, ohikoa denez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!