32 langabe gehiago zenbatu dira Oñatin ekainean

2020/07/02
Card image cap
470 langabe daude une honetan eta langabezia tasa %8,64ra iritsi da

  Ekainean zehar jaso da koronabirusak eragindako alarma-egoera. Baina egoera normaltzetik urrun dago oraindik, langabeziari dagokionean. Ekaina enplegurako hilabete ona izan ohi da gurean baina aurten ez da hala gertatu eta martxoan erregistratzen hasi zen galera joerak jarraipena izan du. Une honetan 470 langabe daude Oñatin, maiatza amaieran baino 32 gehiago, eta otsaila amaieran baino 116 gehiago. Orain urtebeteko datuekin konparatuta berriz, aldea askoz ere esanguratsuagoa da, 175 langabe gehiago baitaude une honetan Oñatin erregistratuta. Iazko ekainean herriko langabezia tasa % 5,42 zen, orain hiru puntu pasa altuagoa da, % 8,64. 2015eko martxoan neurtu zen azken aldiz halako langabezia tasaren parekoa.

  Adin talde guztietan, eta gizon eta emakumeen artean, egin du gora langabe kopuruak gurean azken hilabetean, baina bereziki gizonezkoen artean. Maiatzean lanik gabe zeuden 100 oñatiarretatik 55 emakumeak ziren, orain 54 dira.

  Hego Euskal Herrian joera ezberdina izan da lurraldetik lurraldera, Euskal Autonomia Erkidegoan 2.733 langabe gehiago zenbatu dira eta Nafarroan berriz, 673 gutxiago. Orokorrean, EAE mailan langabeziaren igoeraren erritmoa moteldu egin dela, kontratazioak berreskuratzen ari direla eta aldi baterako lan erregulazioan dagoen pertsona-kopuruak behera egin duela esan du Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak. Lan erregulazioko espedienteetan zeuden pertsonen % 60a lanera itzuli dela esan du. Hala ere, ziurgabetasuna oraindik handia dela erantsi du Lanbideko zuzendari nagusiak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!