30 argazki jaso dira jada 2027ko udal egutegia irudikatzeko lehiaketarako
Oñatiko altxorrak da zehaztu den gaia eta altxor izate hori zentzu zabalean ulertu eta argazkiz irudikatzea da helburua, Izan ere, Oñati aberatsa da altxor ezkutu eta agerikoetan, ondare historiko, arkitektoniko, natural eta kultura anitza dauka baina postal-irudietatik harago doazen argazkiak nahi dira. Altxorra kontzeptuaren alde pertsonala eta subjektibora joaz, ikuspegi originalak, oharkabean pasatzen diren xehetasunak, eguneroko uneak, pertsona bereziak, urtaroen aldaketak edota ezkutuan dauden txokoen argazkiak bildu nahi dira datorren urteko udal egutegirako. Dagoeneko 30 argazki jaso direla adierazi digute udal arduradunek, lanak aurkezteko epea astelehenean amaitu dela gogoraraztearekin batera.
Oñatin erroldatutako edonork parte har dezake udalak deitutako argazki lehiaketa honetan. Gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu egile bakoitzak eta Oñatiko udalerrian ateratakoak eta originalak izan beharko dute, alegia, aurrez argitaratu gabeak edo beste lehiaketa batean saritu gabeak. Argazki etzanak, formatu apaisatuan egindakoak hobetsiko dira, egutegiaren formatura egokitzeko. Aurkeztutako argazkien artean 12 aukeratuko dira egutegian agertzeko. Egileek 80 euroko saria jasoko dute argazkiko.
Lanak, posta elektronikoz bidali daitezke honako helbidera: egutegia2027@onati.eus edo udaletxeko HAZ bulegoan utzi daitezke. Argazkiekin batera hainbat datu ematea eskatzen da: parte-hartzailearen izen-deiturak, NANa, telefono-zenbakia, argazkian agertzen den altxorraren deskribapen laburra eta argazkia egutegiko zein hilabetetan kokatuko lukeen. Lanak aurkezteko epea astelehenean urriaren 19an itxiko da.
Irudietan gaia nola islatzen den, originaltasuna eta begirada propioa, adierazkortasuna, egutegirako egokitasuna, eta kalitate teknikoa baloratuko du epaimahaiak, besteak beste.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!