Oñatiko udala

3 urte eta erdiko kartzela eta ia 29.000 euroko kalte-ordaina ordaintzera zigortu dute kamioiaz hiru udaltzain kolpatu zituen ferialaria

2018/09/25
Card image cap
Gertaerak 2014ko urriaren 7an jazo ziren, herriko jaixak amaitu eta biharamunean

  Donostiako 2. Zigor Epaitegiaren magistratuaren ebazpenaren berri eman du gaur El Diario Vasco egunkariak. Bertan, orain lau urte,  Oñatiko jaien biharamunean gertatutakoa epaitu da, hau da, ferialari batek, kamioiaz, hiru udaltzain kolpatu izana epaitu da.

  Gogoratuko duzuenez, 2014ko urriaren 7ko arratsaldean hiru udaltzain bi ferialari baretzera joan ziren plazako jolasgunera, San Juan kaletik behera, abiadura bizian sartu zen trailer kamioi batek, udaltzainak aurretik eraman zituenean. Dirudienez, goizean jada liskarrean aritu ziren ferialekua uzteko ordena zela eta. Goizeko liskarra baretuta, arratsaldean, berriro piztu zen eta ferialariak borrokan ari zireneko abisua jaso zuten udaltzainek eta bertara joan ziren. Ferialariek familiakoei ere borrokaren berri emana zioten, nonbait. Senitarteko horietako bat barraka eramateko trailerrarekin ferialekutik irtenda zegoen baina abisua jasota, erremolkea utzi eta kamioi burua gidatzen itzuli zen. San Juan kaletik behera sartu zen plaza aldameneko jolaslekura eta bidean, hiru udaltzain aurretik eraman zituen. Horietako bat, larrien zauritu zena, Gernikako arbolaren hesiaren kontra harrapatu zuen.

  Epaileak, segurtasunaren kontrako delitua eta hiru lesio delitu leporatu dizkio ferialariari eta 3 urte eta erdiko kartzela zigorra eta udaltzainei kalte ordainak ordaintzera zigortu du. Zauri larrienak jasan zituen udaltzainari 21.801 euro ordaindu beharko dizkio, eta beste biei 4.063 eta 2.661€, eragindako kalteen arabera. Sententzia ez da finkoa eta Gipuzkoako Lurralde auzitegian errekurritu daiteke, El Diario Vasco egunkarian zehazten denez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!