3 eskaera jaso dira kale garbiketa zerbitzuko arduradun lanposturako

2016/12/29
Card image cap
Hautaketa prozesura aurkezteko epea urtarrilaren 7an amaitzen da

  Oposizio lehiaketa irekiz beteko da udal plantillan hutsik dagoen kale garbiketako arduradun plaza. Lanpostura aurkezteko eskola graduatua izatea eskatzen da, euskarari dagokionean, 3.hizkuntza eskakizunaren maila eta gainera, B gida-baimena eta produktu fitosanitarioen oinarrizko mailako aplikatzaile karneta. Kale garbiketako arduradun lanpostuari dagozkion oinarriak urriko Osoko Bilkuran onartu ziren  eta deialdia, osorik azaroaren 23ko Gipuzkoako Aldizkarian argitaratu zen.

  Kale garbiketako arduradunaren zeregin nagusiak hauek izango dira: kale garbiketa zerbitzuan zehazten diren irizpide eta jarraibideak garatu, koordinatu eta betetzen direla begiratu; zerbitzurako hobekuntzak eta neurri zuzentzaileak proposatu; kale eta udal instalazioen garbiketaz arduratzen diren langileek behar dituzten bitartekoak eta ekipamenduak jartzeaz arduratu; saileko buruari hobekuntza teknikoak eta giza baliabideen hobekuntzak proposatu; herritarren kexak aztertu eta dagokionean neurri zuzentzaileak hartu; larrialdietan, elurte, uholde, haizete edota istripuetan esaterako, laguntza ematea; hildako animaliak erretiratu eta hiri eremuko konpost gune komunitarioen kudeaketan laguntzea, besteak beste.

  Lanpostua, lehiaketa-oposizio sistemaz beteko da. Azterketaldian hiruzpalau ariketa gainditu beharko dituzte hautagaiek, azterketa teoriko eta praktiko bana, elkarrizketa eta hizkuntza maila agiri bidez egiaztatu ez dutenek euskarazkoa ere bai. Lehiaketaldian berriz, duten formazio osagarria eta lan eskarmentua baloratuko da.

  Urriaren 1ean berreskuratu zuen udalak kale garbiketa zerbitzuaren kudeaketa. Horretarako hainbat langile kontratatu zituen iraila amaieran. Eta orain, zerbitzuko arduradun lanpostua betetzeko prozedura abian du. Dagoeneko hiru lagunen eskaerak jaso dira hautaketa prozesuan parte hartzeko baina gehiago aurkeztea espero da, horretarako epea, hurrengo larunbatean, urtarrilaren 7an amaituko baita. Eskaerak udal bulegoetan aurkeztu behar dira, informazioa ere, bertan eskuratu daiteke.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!