29 Covid positibo berri atzeman dira Oñatin ostiraletik domekara
Gaztetxoen artean bereziki zabaldu da Covid-19a gure artean, azken astean. 14 eguneko eta 100.000 biztanleko intzidentzia metatua ez zen 70era iristen pasa den asteartean baina une honetan ia 471 da. Asteartean, otsailaren 2an, hasi ziren positiboak ugaltzen gurean eta horrek isla izan du ikastetxeetan, besteak beste, une honetan batxilergoko hiru gela itxita eta laugarrenaren kasua aztertzen ari baitira osasun arduradunak.
Indarrean den protokoloaren arabera ikastetxeek egunero jakinarazten diete hezkuntza eta osasun arduradunei Covidaren eragina: zenbat ikasle/irakasle positibo eta zenbat konfinatu dauden gela bakoitzean. Positibo berrien kasuan zuzeneko harremana izan duten ikaskideen datuak ere ematen dituzte aztarnari edo rastreadoreek jarraipena egin dezaten.
Positibo eman duten ikasleak, eta ondorioz konfinatutako ikaskideak, Bigarren Hezkuntzako herriko ikastetxe guztietan daude une honetan. Zuazola-Larraña institutuan 2. batxilergoko gela itxita dago eta Txantxiku ikastolako 1. batxilergoko bi gela ere bai, pasa den astetik. Elkar Hezi ikastetxeko gela bateko ikasleak ere etxera bidali zituzten ostiral eguerdian, prebentzio neurri gisa, baina gaur eskolara itzuli dira. Eta bitartean, Txantxiku ikastolako DBH-ko beste gela baten kasua aztertzen ari dira osasun arduradunak.
Asteburuan herriko taberna bat ixteko agindua ere eman zuen Osakidetzak, zerbitzarietako batek positibo eman eta gero. Dagokion desinfekzioa egin eta txostena aurkeztu ondoren taberna berriro irekitzeko baimena baduela jakinarazi dio Osasun sailak Udalari gaur goizean bertan.
Oñatin badirudi bereziki gaztetxoen artean egin duela gora kutsatuen kopuruak, adinka berezitutako herriko datu konkreturik ez badugu ere. Bai ordea, Euskal Autonomia Erkidego mailakoak, eta datuek, kasu honetan, aipatu joera baieztatzen dute, 18 urtera artekoen tasa metatuak egin baitu nabarmen gora, 13-18 urte artekoena.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!