Oñatiko udala

25 saltokik parte hartuko dute Oñatiko XVI. erakusleiho lehiaketan

2023/12/04
Card image cap
Juanitosako erakusleihoa 2014an
Eskaparateak abenduaren 11rako apaindu beharko dira

  Iazko kopurua mantenduta, 25 saltoki animatu dira udalak antolatzen duen erakusleiho lehiaketan parte hartzera. Guztiek, 50 euroko dirulaguntza jasoko dute, parte hartze hutsagatik. Erakusleihoak datorren astelehenerako, hilaren 11rako apainduta egon beharko dira eta 31ra arte, gutxienez, halaxe egon beharko dute. Herritarren edo haurren sarirako bozka eman nahi dutenek ordea, abenduaren 20ko data hartu beharko dute gogoan, 14:00ak arteko epea izango baita gustuko eskaparatearen aldeko botoa emateko.

  5 eta 12 urte bitarteko neska-mutilek Kontzejupetik aldizkarian datorren orritxoa beteta eman ahal izango dute bozka, Txaloka ludotekan edo Gaztelekuan jarriko diren hautestontzietan utzita. Haur bakoitzeko bozka bakarra onartuko da. Parte hartzen duten haur guztien artean Oñatiko saltokietan gastatzeko 100 euroko txartela zozkatuko da. Sarituak, berriz, 300 euro jasoko ditu. Iaz estreinakoz eman zen Haurren sariaz gain, Herritarren saria ere izango da eta, kasu honetan, 12 urtez gorakoek udaleko webgunean sartuta bozkatu beharko dute, hau da, modu telematikoan, internetez. Herritarren saria eskuratzen duen dendako arduradunak 500 euro jasoko ditu eta bozkatzen duten herritarren artean beste 100 euro zozkatuko dira. Adituz osatutako epai mahaiak berriz, ohiko hiru sari emango ditu, 500, 300 eta 200 eurokoak. Erakusleihoaren konposizioa, argiztapena, koloreak eta originaltasuna baloratuko ditu adituen epai-mahaiak.

  Zenbait dendari hasita daude erakusleihoak apaintzen, nahiz eta zaindu beharko den eguna abenduaren 11 den. Ordurako eskaparateak bereziki apainduta egon beharko dira.

  Iazko lehiaketan ere 25 dendek parte hartu zuten eta Kimu-Urtxin loradendak sari nagusia, Herritarren saria eta Haurren saria eraman zituen. Bigarrena, Andrea Azkoaga interioristak eskuratu zuen eta hirugarrena Barue interiorismoak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!