22. Korrika ez da Oñatitik igaroko
Atzo ezagutarazi zuen AEK-k 22. Korrikaren ibilbidea. Urtebetez atzeratuta etorriko den euskararen aldeko ekimen erraldoia martxoaren 31n abiatuko da Amurriotik eta Donostian amaituko da, apirilaren 10ean. Hamaika egunez Euskal Herrian barrena ibiliko da, baina ez da Oñatitik pasako. AEK-k ez du arrazoieik azaldu baina pentsa liteke Udanako errepidea itxita egoteak baduela zerikusirik, Korrika ez baita igaroko ez Oñatitik ezta Legazpitik ere. Korrikaren ibilbidean ohikoak diren bi herri hauek elkarlotzen dituen Udanako errepidea itxita dago une honetan eta konponketa lanak hasi badira ere, amaitu, martxo bukaera-apirila hasieran amaituko direla adierazi da. Litekeena da beraz, ziurgabetasun horrek eragin izana Korrika Oñatitik ez pasatzea, Udana izan ohi da-eta Korrika Urola eskualdetik Debagoienera sartu edo, kontrako norabidean, irteera bidea.
Azken orduko aldaketarik ez badago Korrika ez da Oñatitik pasako baina bai oso hurbil, Elorregitik. Apirilaren 1ean izango da, abiatu eta biharamunean. Debagoeinera, Bergarara, Eibartik barrena iritsiko da eta handik Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga pasata Arabara itzuliko da. Elorregitik 12:30ak aldera igroko da Korrika, AEK-k atzo zabaldu zuen informazioaren arabera.
22. Korrikaren ibilbidea ezagutarazieta berehala hasi ziren oñatiarrak mezuak zabaltzen sare sozialetan, ekimenarekin herrian bertan bat egiteko ezintasunak sortzen zien nahigabea azalduz. Baina parte hartzeko aukera izan-izango da, inguruko edo urrunagoko parajeren batera hurbilduta. Oñatin badira Nafarroa edo iparraldean kilometroren bat erosteko ohitura duten elkarte eta lagun taldeak, hala egin beharko dugu aurten. Kilometroak erreserbatzeko aukera otsailaren 1ean zabalduko dela jakinarazi da AEKtik. Horretarako Korrika bulegoarekin harremanetan jarri beharko da.
22. Korrikak 2.180 kilometro beteko ditu martxoaren 31tik apirilaren 10era Hitzetik lemapean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!