Oñatiko udala

22 kale eta auzotan jaiak ospatuko dira 2024

2024/02/12
Card image cap
Olakuako jaiak
Berrikuntza Santa Marinako jaiak dira

  Astelehenean elkartu ziren udal ordezkariak herriguneko kale eta auzunetako jai batzordeekin. Batzarrerako lehen gaia, 2024ko jai egutegia finkatzea zen eta landa-auzoetako proposamenekin osatu da. Hala, jaiak ospatzeko asmoa duten 22 kale, auzune eta landa-auzo zerrendatu dira.

  Apirileko 26-28ko asteburuan eta Olabarrietan izango dira lehen auzo-jaiak, aurten ere, eta azkenak, abenduaren 13-15 asteburuan, Berezaon. Tartean, beste 20 jai ospakizun izango dira. Aipagarria da, Santa Marinako jaiak ospatzeko eskaera bideratu dela eta sei kasutan, auzo ezberdinetako edota landa-auzo eta kaleko jaiek bat egingo dutela.

  Zubillaga eta Torreauzon San Pedroak ospatzen dituzte eta aurten ere, bi auzotako jaiak eskutik etorriko dira, ekainaren 29 eta 30ean. Baina horrezaz gain, maiatzaren 10etik 12ra ospatuko diren San Miel Txikiak eta Murgiako Asentzioak, maiatzeko azken asteburuarekin etorriko diren Araotzeko Trinidadeak eta Errekaldeko jaiak, abuztuko lehen asteburuan izango diren San Lorentzo eta Lezesarriko jaiak eta irailaren 6tik 9ra ospatuko diren Atzeko kale eta Arantzazuko jaiak eta irailaren 13tik 15era egingo diren San Martin eta Zañartuko jaiak batera etorriko dira. Santa Marinako jai berriak eta Santxolopeztegiko Madalena jaiak ere asteburu berean ospatzeko arriskua bazegoen, Santa Marina eguna uztailaren 18a eta Madalena 22an delarik, baina antzinatasuna errespetatuz, Madalenak uztailaren 19-21eko asteburuan ospatzea eta Santa Marinakoak hurrengo asteburura atzeratzea erabaki da. Hala jakinarazi zaie behintzat udal ordezkariei. Izan ere, kaleko eta auzoetako jaietan udal baliabide material ugari erabiltzen dira eta garrantzitsua da, egutegia aurrez zehaztu, eta eskaerak udal zerbitzu ezberdinen artean planifikatzea. Dirulaguntzak ere eman ohi ditu udalak jaiak ospatzeko, herriguneko jai-batzordeei, zuzenean, landa-auzoei, Auzotasuna egitasmoaren baitan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!