2026-2027 ikasturteari ekin dio Oñatiko Esperientzien Gelak
Udalak eta Goienagusik 2023an sinatu zuten lankidetza hitzarmenaren harira gauzatu da Oñatiko Esperientzien Gela proiektua. Aisialdi aktiboa da egitasmoaren muina eta Goienagusik Bergaran eta Arrasaten nagusiki garatzen zuen formazio programa Oñatira zabaltzean datza. Esperientzien Gela 55 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dago eta Santa Ana aretoan hamabostean behin antolatzen diren hitzaldietan gauzatzen da. Hortik aurrera, Goienagusik antolatzen dituen beste ekintzetan edo inguruko herrietan eskaintzen dituen hitzaldietan parte hartu nahi dutenek Goienagusiko bazkide egin behar dute. Urtean 80 euroko bazkidetza kuota ordaindu behar da eta Goienagusiren ekintza guztietan parte hartu daiteke, ikastaro, irteera eta hitzaldietan.
Oñatira etorrita eta Esperientzien Gelaren testuinguruan datozen hilabeteetarako bost hitzaldi lotu dira jada: bi aste barru, urriaren 28an, Mattin Aiestaranek Irulegiko aztarnategi arkeologiko aberatsaz berba egingo du; azaroaren 18an, Aintzane Erkiziak artelanek azaltzen dutenaz argibideak emango ditu; azaroaren 25ean Itziar Txurruka glutenaz arituko da; abenduaren 9an Itziar Navarrok Bizkaiko abenduko errondez berba egingo du eta urtarrilaren 27an, Hellen Carr oñatiarrak elikadura osasuntsu eta jasangarriaren inguruko hitzaldia emango du. Horiek, dagoeneko iragarri direnak. Hitzaldiak Santa Ana aretoan izango dira, iragarritako egunetan, 10:00etan hasita. Aurrez, 9:30etan kafe-topaketa egin ohi da areto atarian.
2023ko azaroan Goienagusik eta Oñatiko Udalak sinatu zuten lankidetza hitzarmena urtez urte luzatzen joan dira eta beste urte batez luzatzea erabaki zen iraila amaierako Tokiko Gobernu Batzarrean. Azken luzapen honek, 2026-2027 ikasturtea hartuko du eta datorren urteko maiatzaren 30era arte iraungo du. Ikasturte honetako jardunari aurre egin ahal izateko Udalak 2.410 euroko dirulaguntza emango dio Goienagusi Kultur Elkarteari.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!