2023ko Udal Ordenantza Fiskalak eztabaidagai izango dira arratsaldeko Osoko Bilkuran

2022/10/27
Card image cap
Izoztea, daudenetan mantentzea, proposatu du EAJk, prentsa ohar bidez jakinarazi duenez

  Urriko Osoko Bilkurarako lan zerrendan ez da Udal Ordenantza Fiskalen gaia aipatzen baina presazko gai moduan aurkeztuko da. Izan ere, Ogasuna batzordearen bilera asteartean egin zen eta deialdia, bezperan, astelehenean zabaldu zen. Baina jakina da udal tasa eta zergen gaia urrian onartu ohi dela gurean. Eta badirudi, erabateko adostasunik gabe onartuko dela, EAJk, 2023ko ordenantza fiskalak izoztea proposatu baitu, EH Bilduk aurreratu zuen % 4aren igoeraren aurrean.

  Prentsa ohar bidez jakinarazi du EAJk, udal tasa, zerga eta prezio publikoetarako egin duen proposamena. 2023an ere, daudenetan mantentzea, hau da, igoerarik ez aplikatzea proposatu du, egungo krisiaren aurrean herritarrekin egoteko garaia dela argudiatuta.

  Udal gobernu taldearen %4aren igoera neurrigabea eta justifika ezina dela dio EAJ, eta irtenbidea ez dela herritarrei ahalegin handiagoa eskatzea, baizik eta udal kudeaketa egokia egitea, hurrengo udal aurrekontuetan lehentasunak ezarriz. Ordenantza fiskalak izozteak Udalaren etorkizuna eta honek bermatu behar dituen zerbitzuen kalitatea hipotekatzen duenik ukatzen dute jeltzaleek. Era berean, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsetik aurten baino 600.000 euro gehiago jasoko direla eta likidazio aurreikuspena ere udalak aldekoa dela azpimarratzen du EAJren udal taldeak zabaldu duen oharrak. Eta Oñargi eta Ur Jauziak enpresetatik datorrena beste udalek ez duten aparteko diru-sarrera dela gogorarazten dute jeltzaleek.

  Hobarien atalean, begi onez ikusi du EAJk guraso bakarreko familiak eta familia ugarien eskubideak parekatzea kiroldegiko hobariak aplikatzerakoan eta jasangarritasuna eta klima-aldaketa gogoan, motor hibridoa duten ibilgailuei Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen zergan egungo %50eko hobaria jaso eta %75a izatea proposatu dute.

  Udal gobernu taldeak ordenantza fiskalak % 4 jaso eta hobari berriak eta horiek emateko oinarri ezargarriak eguneratzea proposatzen duela jakinarazi zuen pasa den astean. Bi udal taldeen arteko eztabaida arratsaldeko 18:30tan hasiko den Osoko Bilkuran izango da. Aurretik baina, udal brigadarako kamioi bat erosteko konpromiso kreditua, XV. erakusleiho lehiaketaren oinarriak, Oñatiko Emakumion Kontseiluaren eraketa eta funtzionamendua arautzeko udal ordenantzari hasierako onespena ematea edota Udala eta JAIMA, herri sahararrari laguntzeko elkartea, eta Udala eta Emaus fundazioaren arteko hitzarmenak eta dirulaguntza zuzenak ematea proposatuko da, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!