Oñatiko udala

2023ko larreratze kanpaina abiatu du Udalak

2022/11/17
Card image cap
Larreratuko diren animalien identifikazio, osasun neurri eta tasak zehaztuz gutuna bidali zaie ganaduzaleei

  Udaberrian gauzatuko den larreratze kanpaina berriari begira udalaren oharrak hainbat gai argitzen ditu: larreratze tasak eta ganadu jabeek eman beharreko datuak, hazteria eta tricomonas bovina deritzon gaitzei aurre egiteko neurriak, auzolana eta ingurumen laguntzak.

  Nekazaritza ingurumenaren dirulaguntzekiko azaldutako kexen haritik iruzurrak zigortu daitezkeenaren ohartarazpena jaso da ganadu jabeei bidali zaien idatzian. Era berean, larreak egoera onean mantentzeko deitzen diren auzolanean parte hartzen dutenei aplikatzen zaien larreratze tasaren hobaria mugatu dela jakinarazten da; hobaria tasaren %100eko izango da, 150 euroko mugarekin.

  Artalde eta zezenen osasunarekin erlazionatuta ez da larreratze baimenik emango baldin eta albaitarien ziurtagiririk aurkezten ez bada; artaldeari hazteria edo sarnaren kontrako tratamendua egin zaionaren egiaztagiria presentatu beharko da. Agiria albaitari batek sinatu behar du eta artaldea mendira bota baino aurreko hilabeteko epean egindakoa izan beharko da. Antzinatasun handiagoko ziurtagiririk ez da onartuko. Zezenen kasuan tricomonas bovina gaitzetik libre daudela adierazten duen agiria aurkeztu beharko da larreratu aurretik.

  Aloñako larreetara nahiz Araotz eta Artia aldera ganadua eraman asmo dutenek horren berri udaletxean eman behar dute. Abenduaren 16a izango da jakinarazpena egiteko azken eguna. Behin epe hori igaro ondoren ez da larreratze baimenik emango.

  2022ean ganadua larreratzeko baimena eskatu zuten 90en bat jabeei dagokien fitxa eta oharra bidali die Udalak. Fitxa horretan ageri diren datuak egiaztatzea eta okerrak zuzentzeko eskaerarekin batera, falta diren datuak betetzea ere eskatzen zaie. Gainera, behi eta zaldiak identifikatzeko lepokoren bat galdu dutenek dagokien zenbakia jakinarazi beharko dute berria eskuratu ahal izateko. Postaz bidali diren orriak bete eta HAZ bulegoan entregatu beharko da edo elektronikoki, www.oñati.eus web orrian sartuta.

  Larreratze kanpainaren oharra Aloña, Araotz eta Artiako herri onurako mendietara ganadua eraman asmo dutenei zuzenduta dago eta Artia-Txirikilaleku-Aitzgain inguruan larreratzen dituztenei datuak helburu estatistikoz jasotzen direla gogorarazten zaie.

  Lau orriko gutunaren azken puntua zenbait ganaduzaleren kexen haritik dator. Zenbait jabek garandua ez larreratu arren, eskaera betetzen ei dute nekazaritza ingurumenaren dirulaguntzak jaso ahal izateko. Laguntza hauen helburua mendiko larreen aprobetxamendua dela gogorarazten da udaletik eta ganadua larreratu gabe laguntza jasotzeak legea urratzen duela argitzen da. Era berean, larreratze kanpainan zehar ikuskaritzak egin daitezkeela gogorarazten da, lege urraketak zigortuko direla zehaztuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!