2023-2024 ikasturterako plazen behin behineko banaketak ezinegona eragin du Txantxiku ikastolan

2023/03/30
Card image cap
Hainbat gurasok elkarretaratzea deitu dute gaur arratsalderako

  Datorren ikasturterako aurre-matrikulazio prozesuaren emaitzak ezinegona eragin du ikastolan eta seme-alabak bertara bidali nahi baina itxaron zerrendan daudela jakinarazi dieten ikasleen gurasoen artean. Oñatin bezala, beste hainbat herritako ikastoletan ere eskaerak beste ikastetxe batzuetara bideratu direla ikusita, Ikastolen elkarteak ez ohiko bilera egin zuen atzo aurre-matrikulazio prozesuaren emaitzak aztertu eta balorazio bateratua egiteko helburuz. Txantxiku ikastolako zuzendaria batzarrean egon zen.

  Idatzia kaleratu du Ikastolen elkarteak gaur datorren ikasturterako ikasleen onarpenerako aginduan ezarritako oinarrizko irizpideak ez direla betetzen ari salatuz eta hartuko dituzten neurriak iragarriz. Hezkuntza  sailak onarpen aginduan jasotako printzipio orokor eta helburuen inguruan ikastolek beren adostasuna adierazi dutela argitzen da aipatu idatziaren hasieran. Ondoren, ikastetxe guztiek matrikulaziorako baldintza berak izatea exijitzen dute eta hori gertatzen ez den bitartean, ikastoletan matrikula eskaera egin duten ikasle guztiei eusteko konpromisoa hartzen dute. Era berean, familiek betetako galdetegiak baloratzeko erabilitako irizpideak publikoki argitaratzea eskatzen dute.
Ikastolan matrikulatzeko eskaera onartu ez eta beste ikastetxe batera bideratu dituzten familiei helegiteak aurkezteko gomendioa egiten zaie Ikastolen elkartetik.

  EHIGEk, ikastetxe publikoen sareko gurasoen elkarteak, eskaeren baremazioa eta ikastetxe edo inguru bakoitzeko zaurgarritasun maila nola atera den argitzea eskatu du. Ikastetxe publiko batean plaza eskatu eta behin-behineko esleipenean lehen aukera ez den beste zentro batean esleitu dieten familiei errekurtsoa aurkezteko aukera badutela gogoratu du EHIGE elkarteak, hartarako epea apirilaren 4an amaitzen dela zehaztuz.

  Gaiaren haritik elkarretaratze deia zabaldu da Txantxiku ikastolako gurasoen artean gaur arratsalderako. Sare sozialen bidez hedatzen ari den mezuak elkarretaratzea, plazan, 18.00etatik egingo dela zehazten du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!