Oñatiko udala

2022ko udal ordenantza fiskalak eztabaidatuko dira gaurko Osoko Bilkuran

2021/10/21
Card image cap
Udal zerga eta tasak % 2,5 jasotzea proposatuko du gobernu taldeak eta bere horretan mantentzea EAJk

  Ez ohiko eta presazko izaera izango du arratsaldeko Osoko Bilkurak, aztergai izango diren udal ordenantza fiskalak urtarrilaren 1ean indarrean sartu daitezen bete beharreko tramitazioak gaia, beranduenera, aste honetan onartzea eskatzen baitu. Eta gai bakarra, udal ordenantza fiskalarena, izango da gaur mahai gainean.

  Gai bakarra baina bi proposamen: udal zerga eta tasak % 2,5 jasotzea proposatuko du gobernu taldeak eta bere horretan mantentzea EAJk. Hori orokorrean, hainbat hobari berri sartu edo lehengoak doitzea aurreikusten delako eta bereziki kiroldegiko abonu eta zerbitzuen prezioak zehazteko irizpidea aldatze proposatuko delako.

  Hiru arlori dagokion hobariak berrikusiko dira, sozioekonomiari, eta konkretuki hirugarren sektoreari dagozkionak, landa garapena arlotik jasotakoak eta energia berriztagarriak sustatzekoak. EAJk arlo horiei buruzko hobariekiko hainbat proposamen egin ditu, atzo zabaldu zuen prentsa-oharraren arabera. Arratsaldean ikusiko da udalbatza osatzen duten bi taldeak hobarien doikuntzan bat egiten duten.

  Kiroldegiko bazkide txartela eta zerbitzuen prezioari dagokionean, instalazioen eraberritze lanak amaituta errebisatuko zirela aurreratu zen jada iaz, ordenantza fiskalak aztertu zirenean. Inguruko herrietako abonuak aztertuta, jakina da Oñatikoak nabarmen merkeagoak direla. Kiroldegiaren erabilera sustatzeko irizpidea mantendu baina hobariena errenta mailaren araberakoa izatea proposatuko du gobernu taldeak arratsaldeko bileran, hau da, bazkidea langile, pentsionista, langabe edota alarguna den kontutan hartu gabe, duen errenta mailaren arabera hobaritzea. Urteko abonuaren prezioak ez ezik, kirol ekintzenak, uda kanpainarenak eta instalazioen alogera prezioak ere errebisatu dira.

  Azkenik, eta Gazteria departamentuaren proposamenez, Ludotekako urte erdiko tasa berria sortzea eta udalekuetako zaintza zerbitzuaren kudeaketa udalak bere gain hartuta, horri dagokion tasa berria ere sortzea aztertuko da.

  18:30tan hasiko da udal ordenantza fiskalen gaia jorratuko duen Ez Ohiko Osoko Bilkura eta Oñati Irratiak zuzenean eskainiko du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!