2022ko udal aurrekontua aztergai izango da arratsaldeko Osoko Bilkuran

2021/12/16
Card image cap
Gobernu taldeak ia 19 milioi euroko proposamena egin zuen eta jeltzaleek 20 emendakin aurkeztu zituzten

  Azaroaren 23an aurkeztu zuen EH Bilduk 2022ko udal aurrekontuaren proposamena eta hori aztertuta milioi bat euro pasako inbertsioak batuko lituzketen 20 emendakineko dokumentua zabaldu zuen EAJk pasa den astean. Udalbatza osatzen duten bi taldeak negoziatzen aritu dira eta asteartean egin zen Ogasuna batzordean ere hainbat puntu argitzea eskatu zuten jeltzaleek. Guztia argituta eta ondorioz, udal aurrekontuak adostasunez onartu ahal izango diren arratsaldeko Osoko Bilkuran jakingo dugu.

  2022ko udal aurrekontuena da gaurko bilerako gai nagusia baina beste zenbait ere aztertzekoak dira. Hara nola, Lezesarri auzorako oinezkoen bidea egiteko desjabetuko diren lursailen jabeekin adostu diren prezioak, kiroldegiko bazkide kuotetan eta familia ugarien kasuan hobari taula zabaltzeko proposamena edota GI-2630 errepidean, Goribar auzoan, Diputazioak egin asmo duen biribilgunearen inguruan Urbieta baserrikoek aurkeztu duten mozio idatzia, besteak beste. Baina lehen gaia Karmelo Guridi Gallastegiren zinegotzi kargu hartzea da. Guridik, aurreko Osoko Bilkuran udalbatza utzi zuen Bixente Urrutia ordezkatuko du.

  18:30tan hasiko da urteko azken Osoko Bilkura.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!