2022an zergak ez igotzea proposatu du EAJren udal taldeak, Covid-a dela eta egin den esfortzua orekatzeko
Datorren urtean aplikatuko diren udal zerga, tasa eta prezio publikoak onartzeko ez ohiko Osoko Bilkura egingo da bihar eta udal talde jeltzaleak eramango duen proposamena prentsa ohar bidez jakinarazi du. 2022ko zergak izoztea, hau da, daudenetan, jaso gabe mantentzea proposatuko du EAJk. Covid 19ak eragindako pandemiaren ondorioz, herritarrek, autonomoek eta enpresek hilabete zailak bizi izan dituztela eta hau ez dela amaitu gogoratzen dute jeltzaleek idatzian, besteak beste, argindarraren prezioari erreferentzia eginez. Ahalegin ekonomiko handia egin duten oñatiarrei arnasa emateko eta neurri sozialak hartzeko momentua dela dio EAJ-k. Zentzu horretan, 2020ko likidazioa eginda udalak diru soberakina duela diote. Udal gobernu taldeak aipatu soberakina zertara bideratuko duen ez duela argitu azpimarratzen dute jeltzaleek.
2022ko udal ordenantza fiskaletan hainbat hobari sartu eta doikuntza egitea proposatu dute jeltzaleek hiru helburu nagusi gogoan: Covid 19ak erasandako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen arloa sustatzea; landa-eremuaren ekarpena eta lana babestu eta saritzea; eta jasangarritasuna bultzatuz klima-aldaketa saihestea.
Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen arloan bi hobari aplikatzea eskatzen dute jeltzaleek, jarduerak birgaitu edo martxan jarri eta sustatzeko. Landa- eremuari dagokionean baserri batean erabiliko den 2. etxebizitza bat egokitzeko lanak hobaritzea eta baso sailak ere gehiago hobaritzea proposatzen dute jeltzaleek. Jasangarritasuna jomugan izanda, eta klima aldaketa saihesteko helburuz, azkenik, eguzki plakak jarri eta geotermia, aerotermia edo biomasaren erabiltzaileentzat hobariak aplikatzea eta ibilgailu elektriko zein hibridoen udal zergari dagozkion hobariak handitzea proposatzen du EAJren udal taldeak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!