2021eko ordenantza fiskalak aztertzeko Osoko Bilkura Berezia egingo da arratsaldean

2020/10/15
Card image cap
Ogasuna batzorde informatiboan ez zen adostasunik izan udalbatza osatzen duten bi taldeen artean

  Udal zerga eta tasak jasotzen dira ordenantza fiskaletan. Legez agintzen diren epeak bete eta 2021a hasi orduko indarrean sartu daitezen, urria erdialdean onartzea komeni da. Horregatik hileko azken ostegunean egin ohi den Osoko Bilkurara itxaron barik, gaur arratsaldean aztertzea erabaki da, bilkura berezia deituta. Gai bakarra jaso da lan zerrendan eta horixe, esan bezala, 2021 urteko ordenantza fiskalak izango da.

  Datorren urtea zaila izango da ekonomia aldetik, Covid-19aren eragina eta ondorioak pairatzen jarraituko baitugu, martxotik ari garen bezala. Udalak ohikoak ez diren hainbat laguntza onartu ditu aurten eta Foru Funtsatik aurreikusita zuena baino milioi bat euro gutxiago jasoko du seguruenik. Horrek eragindako zuloari erantzun beharko zaio, ez aurten bakarrik baita datozen urteetan ere. 2021ean egoera errepikatu egin litekeela kontuan hartuta gainera. Guzti horrek baldintzatuko du arratsaldean proposatuko diren udal zerga eta tasen gaia.

  Zergak, orokorrean, izoztea proposatuko ei du udal gobernu taldeak, urteko KPIa negatiboa izan dela kontuan hartuta, baina zenbait aldaketa puntual egitea aurreikusten du eta xehetasunak arratsaldeko bilkuran emango dira. Gaia Ogasuna batzorde informatiboan aztertu zen, baina jakin badakigu ez zela adostasunik izan udalbatza osatzen duten bi taldeen artean. Bakoitzak duen iritzia azalduko da arratsaldeko Osoko Bilkura Berezian. 18:30tan hasiko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!