“Txorien kantak” izenpean, Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko hegaztiak ezagutzeko ibilaldia antolatu da domekarako Arantzazuko Parketxe inguruan

2013/03/19
Card image cap
Negua atzean utzita, Arantzazuko Parketxeak 2013ko kanpainako lehen jarduera egingo du domekan.

  Aurreko ekitaldietan bezala, naturaz eta aisiaz gozatzea da helburua, eta lehenengo jarduera honen ardatz nagusia hegaztien mundua izango da. Ikuskapen eta behaketan oinarritutako ibilaldia antolatu da. Ekintza, bereziki, paseriforme eta harraparietan oinarrituko da eta Mikel Olanoren laguntzaz egingo da. Olano, ornitologian aditua da.

  Udaberri hasiera une berezia da Aizkorri-Aratz Parke Naturalean. Bertako bizidunak negu luzetik esnatzen dira eta hegaztien kasuan, bikotea topatzeko lehen kantuak entzuteko garaia da. Hegaztiak, aktibitate handiena duen urteko faserako prestatzen dira, estalketa eta kabi berrien eraikuntzarako. Ingurua, bizitza berria sortzeko leku bihurtzen da.

  Urtean zehar ezkutatuta eta gizakiengandik urrun dauden hegaztien ikuskapen eta behaketarako momentu egokia izaten da. Baina unea bakarrik ez, Arantzazu, animalia iheskor hauek aztertzeko toki egokia ere bada.
Domekarako antolatu den behaketa ibilaldia, gure gainetik hegan egiten duten espezie desberdinak ezagutu eta ikuskatzeko gogoa dutenentzat aukera paregabea izango da; paseriforme txikiak nahiz harrapari handiak ikusteko aukera ezin hobea. Ibilaldian zehar bertako hegazti fauna identifikatzeko aukera izango da. Horretarako, prismatikoak eramatea gomendatzen da eta noski mendirako arropa eta oinetako egokiak ere bai.
Parte hartzeko interesa dutenak, Arantzazuko Parketxeko topagunean elkartuko dira goizeko 9etan eta taldea osatu ondoren Mikel Olanoren gidaritzapean, ibilbideari ekingo diote. Altuera handiko nahiz sakaneko kota baxuagoko tokiak zeharkatuko dira habitat ezberdinetako hegaztiak ikusi ahal izateko.

  Parte hartzeko interesa dutenek, izena, aurrez eman behar dute Parketxera telefonoz deituta: 943-782894 zenbakira. Partaide helduek 3 euro ordaindu beharko dituzte eta 6 eta 12 urte bitarteko haurrek, berriz, 2€.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!