“Trauti Eguna” ospatuko da bihar, hesirik gabeko herri baten alde lanean jarraitzeko

2022/06/24
Card image cap
10 urte betetzen ditu Oñatiko irisgarritasun beharrak aztertu eta aldaketak egiteko helburuz sortu zen elkarteak

  Pandemiak eragindako bi urteko etenaren ostean, TRAUTI eguna ospatuko da berriz ere bihar, mugikortasuna mugatua duten pertsonen arazoak jendeari erakutsi eta horren inguruan herritarrak sentsibilizatzen jarraitzeko asmoz. Aurtengo Trauti eguna berezia izango da, gainera, Trauti elkarteak 10 urte betetzen baititu; hamar urteko ibilbidea, herrian dauden oztopo arkitektonikoak ezabatu eta herritar guztientzako herri erosoago bat eraikitzeko ahaleginean.

  10:30tan, plaza inguruko aparkalekuetan sentsibilizazio ekintza egingo dute jar zaitez nire azalean, ez nire lekuan lemapean. Urdinez berezituta dauden aparkalekuak mugikortasun arazoak dituztenentzat direla aldarrikatuko dute beste behin, eta horiek minututxo baterako okupatzeak zer-nolako endredoak sortzen dizkien azalduko dute. Esku-orri batzuk prestatu dituzte eta plazan bertan banatuko dituzte, 11:00tatik aurrera. Izan ere, Trauti elkarteko ordezkariak herriko plazan egongo dira goizean zehar mugikortasun arazoen simulazio ibilbideak dinamizatuz, hau da, aulkiak, itsuen makilak eta gorreriaren simulazioa eginez. Informazio mahaia jarriko dute eta erosi berri duten Joellette aulkiaren erabilera ere erakutsiko dute. Baina gehiago ikasi nahi dutenentzat Joellette ikstaroa antolatu dute, uztailaren 2rako. Joellette aulkiak eramaten ikasteko tailerra Eltziako aparkalekuan egingo da, 9:00-14:00tara. Doan izango da eta herritar guztiak daude gonbidatuta. Bihar bertan, izena eman ahal izango da, plazan.

  Trauti elkartea 2012an sortu zen Oñatiko irisgarritasun beharrak aztertu eta aldaketak martxan jartzeko helburuz. Udalarekin elkarlanean ari dira hasieratik eta herri mailan ikusten dituzten arazoak, dagokion administrazioarekin harremanetan jarrita gainditzen saiatzen dira. Azken aste hauetan anbulatorioak dituen irisgarritasun mugak behin betiko zuzendu ditzan eskaera-gutuna bidali diete berriro Osakidetzako arduradunei. Ikastetxeetan sentsibilizazio kanpainak egiten dituzte eta, tarteka, kalean ere bai, bihar goizean plaza inguruan egingo dutenaren antzera. Mugikortasun arazoak dituzten herritarrentzako irteerak ere antolatzen ditu Trauti elkarteak. Azkena, Zeraingo sagardotegi batera egin zuten, maiatzean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!