“Ostegun kontalariak” eskaintza bikoiztu egingo da otsailetik apirilera

2021/01/27
Card image cap
Abenduko "Ostegun kontalariak" saioa
Ipuin kontaketa saioetarako gonbidapenak eskuratzeko sistema aldatuko da

Haur liburutegiak antolatzen dituen Ostegun kontalariak ipuin kontaketa saioak arrakastatsuak izan dira hasieratik, baina azken aldian, asko dira saioa entzun ezinda kanpoan geratzen diren neska-mutikoak. Aforoa mugatzearen ondorioz, ipuin kontaketa birritan eskaintzea erabaki zen eta ordu erdiko bi emanaldi egin dira azken hilabeteotan. Hala ere, gonbidapenak lehenengo egunean agortzen zirela ikusita, hilean bi Ostegun kontalariak saio programatzea erabaki da, bat,  4-5 urte bitarteko haurrei zuzenduta, eta bestea, 6 urtetik gorakoentzat. Eta egun bakoitzean ipuin kontaketa birritan eskainiko da. Era berean, gonbidapenak banatzeko sistema ere aldatuko da.

  Otsailaren 18an eta 6 urtetik gorako haurrei zuzenduta, Elekaren ipuin sorta saioa eskainiko dute iparraldeko bi kontalarik: Jokin Irungarayk eta Kattalin Salaberrik. Otsailaren 25ean berriz, Ines Bengoak Karabi karaba kontaketa egingo du 4-5 urteko neska-mutikoentzat. Ostegun kontalariak saioetarako gonbidapenak zozketaz eskuratuko dira. Hil bakoitzeko lehen astean, astelehenetik ostiralera, kontaketa saiora joan nahi duen haurren izenak eta harremanetarako telefono zenbakiak jasoko dira: liburutegian, telefonoz, 943 716 111 zenbakian, posta elektronikoz liburutegia@onati.eus helbidean edo whatsappez 688 732 826 zenbakian. Ostiralean berriz, izena eman duten guztien artean zozketa egingo da eta gonbidapena lortu dutenekin harremanetan jarriko dira txartel bat edo bi nahi dituzten galdetzeko, izan ere, haur bakoitzeko bi gonbidapen jaso ahal izango baitira, gehienez. Zozketan, erreserbarako hiru izen aterako dira, badaezpada, norbaitek joaterik ez badu. Ostegun kontalariak saioetarako gonbidapena eskuratzeko sistema berria otsailean sartuko da indarrean, beraz, otsaileko saioetara joan nahi dutenek datorren astean eman beharko dute izena.

  Haurrek ez ezik, publiko helduak ere izango du ipuinak entzuteko aukerarik otsaila eta martxoan, Oñatik, Ahoz aho 21 ahozkotasunaren nazioarteko jaialdian parte hartuko baitu. Otsailaren 26an Soledad Felloza uruguaitarraren La vida es cuento kontaketa saioa izango da eta martxoaren 5ean Nicolas Buenaventura kolonbiarraren Maestra palabra. Bi saioak 18:30tan hasiko dira eta horietarako txartelak, doan, otsailaren 16tik aurrera eskuragarri jarriko dira www.oñati.eus atarian eta Txokolateixan.

  Liburutegiak otsailerako antolatu dituen ekintzen artean aipagarria da azkenik, euskarazko Tertulixan saioa irekia izango dela, Dendaostekoak liburuaren idazlea, Uxue Alberdi Oñatira etorriko baita. Otsailaren 23an izango da eta horretarako gonbidapenak ere, hilaren 16tik aurrera eskuragarri jarriko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!