“Ortulaguntza” zerbitzurako profesionala kontratatzeko deialdia egin du Deba Garaia Landa Garapena elkarteak
Baratzegintza profesionalean ari diren ekoizle txikiei laguntzea, erreleboa bermatzea eta proiektu berrien sorrera sustatzea helburu duen laguntza sistema martxan jarriko du Deba Garaia Landa Garapena elkarteak. Ortulaguntza izeneko zerbitzurako esperientziadun langilea kontratatzeko deialdia egin da.
Baratzegintzan egiaztatutako lan esperientzia izatea eta B-motako gida baimena eta ibilgailuaren disponibilitatea edukitzea eskatzen da. Nekazaritza eta baratzegintza agroekologikoan formakuntza eta esperientzia izatea baloratuko da. Era berean, produktu fitosanitarioen aplikatzaile txartela izatea, baratzegintzak bailaran duen egoera ezagutzea, euskal hiztuna izatea, goiz eta arratsaldez lan egiteko disponibilitatea eta harremanetarako gaitasuna izatea baloratuko dira, besteak beste. Lanaldi osoko kontratua eskaintzen da.
Interesatuek curriculumak lehenbailehen bidali behar dituzte, azken eguna, abenduaren 15a baita. Curriculumak Deba Garaia elkarteko posta elektronikora bidali behar dira: debagaraia@debagaraia.eus helbidera. Informazio gehiagorako Bergarako bulegora telefonoz deitu daiteke: 943762547 zenbakira.
Kontratatzen den langileak eskualdeko baratzezaintza proiektuetan ortuko lanetan aritu beharko du, lan karga handiko sasoietan lana arintzeko edota egoera zaurgarrietan, gaixotasun edota amatasun bajetan, esaterako, ordezkapen zerbitzu moduko laguntza zehatza ematen. Bailarako nekazarien arteko saretzea bultzatu beharko du, erosketa kolektiboen koordinazioan, adibidez. Eta zerbitzuarn koordinazio eta dinamizaziolan taldean parte hartu beharko du.
Deba Garaia Landa Garapenak martxan jarri nahi duen Ortulaguntza zerbitzuaren aurrekontua 35.000 euro da, lehen urtean. Eskualdeko udalek parte hartzen dute eta Oñatikoak 6.390 euroko ekarpena egingo dio egitasmoari.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!