Oñatiko udala

“Oñatitik burujabetzak eraikitzen” mahai ingurua antolatu da ekainaren 8rako

2021/06/03
Card image cap
Tokiko politika sozioekonomiko eraldatzailearen inguruan udala egiten ari den lanketa aurkeztuko da

  Egun nagusi den sistema ekonomikoari alternatiba gisa sortzen da ekonomia sozial eta eraldatzailea. Ez da irtenbide teoriko bat baizik eta dagoeneko funtzionamenduan den eta funtzionatzen duen alternatiba praktikoa. Halako hainbat adibide ezagutu ahal izango dira udaleko Sozioekonomia departamentuak datorren astearterako antolatu duen mahai inguruan.

  Talaios Kooperatiba eta Olatukoop sareko kide den Beñat Irasuegi, Biziola sareko Markel Urretabizkaia, Lankiko ikerlari eta tokiko garapen eraldatzaileko ekosistemetan aditu den Arianne Kareaga eta D2030 plataformako koordinatzaile Elena Herrarte gonbidatu dira mahai inguruan parte hartzera.

  Herritar guztiei irekitako saio honetan ekonomia sozial eraldatzailea zer den azalduko da, arlo honetan Oñatiko udala egiten ari den lanketa aurkeztuko da, lurralde ezberdinetan dagoeneko martxan diren esperientzia batzuk azalduko dira eta Oñatin burujabetza nondik eta nola landu daitekeen eztabaidatuko da.

  Oñatitik burujabetzak eraikitzen mahai ingurua Kultur etxeko zine aretoan egingo da, ekainaren 8an, 18:30tan hasita. Saioa irekia da, interesa duten herritar guztiei zuzenduta. Baina kontu egin lekua mugatua da eta osasun egoera dela eta, aretoko aforoa are mugatuagoa dagoela.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!