Oñatiko udala

“Oñatiko unibertsitatea” II. arkeotopaketak egingo dira datorren astean

2022/10/20
Card image cap
"Euskal historiaurrea: eguneratzea eta etorkizuneko erronkak” gaia aztertuko da, ostegun eta ostiralean

  Oñatiko unibertsitatea arkeotopaketen bigarren saioan 40ren bat ikerlari biltzea aurreikusten da. Gehienak hurbilekoak izango dira, baina tartean Sevilla, Madril, Burgos, Santiago eta Alcaláko unibertsitatetik etorritakoak ere izango dira. Maiatzean egin ziren lehen arkeotopaketen aldean, orain proposatzen den gaia Euskal Herrian, eta konkretuki, euskal historiaurrean zentratzen baita. Eta hain zuzen ere, euskal historiaurrearen inguruan, eguneratze ariketa eta etorkizuneko erronkak zehaztea eskatuko zaie mintegian batuko diren adituei. Hori baita, oinarrian, arkeotopaketak izenpean proposatzen dena, arloan aditu direnen topaketa, mintegi edo lan bilera izatea. Horregatik, datorren ostegun eta ostiralerako hausnarketa eta eztabaida-foroa adituentzat izango da.

  II. arkeotopaketa hauen baitan egingo da GIZAPRE izeneko ikerketa talde berriaren eratze-batzarra eta antolakuntza eta hainbat gai estrategiko hausnartu eta zehazten saiatuko dira. Taldea osatuko duten ikerlariekin batera, honen funtzionamenduarekin erlazioa duten beste ikerlari batzuk ere gonbidatu dira.

  Oñatiko unibertsitatea arkeotopaketek helburu dibulgatzailea ere badute eta hori, asteazkenean eta herritar guztioi irekita eskainiko den hitzaldian islatuko da. Ikerbasqueko kide den Maria Jose Iriarte Chiapussok bi milioi urteko eboluzio klimatikoaz berba egingo du eta iraganari begiratzeak etorkizunaz hausnartzeko balio ote duen galderari erantzuten saiatuko da. Hitzaldia Sancti Spiritus unibertsitateko areto nagusian izango da, hilaren 26an, 19:00tan.

  Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko Ikerketa Taldeak eta Oñatiko Udala-Arrikrutzeko Kobak sinatutako lankidetza hitzarmenaren baitan antolatu dira Oñatiko unibertsitatea arkeotopaketa hauek. Lurraldeko ondare arkeologikoa eta paleontologikoa babestu eta ezagutzera ematea da helburua.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!