Oñatiko udala

“Oñatiko primadia” antolatu du txosna batzordeak aurtengo jaien ordezko

2021/09/21
Card image cap
Irailaren 25 eta 28an eta urriaren 1etik 4ra ekintza ezberdinak antolatu dira Iruberri plazako karpan

  Dena familixan geaketan da lemak Oñatin denok familiako garenaren usteari keinu egiten dio, “familia-burbuja” kontzeptua edota kontrolpeko ingurua gogora ekartzearekin batera. Auzoetako jaiak ospatu diren bezala txosnaguneko ekitaldiak ere terraza formatoan egingo dira aurten, mahaiak eta aulkiak jarrita, institutu aurrealdean muntatu den karpan. LABIak zehaztutako neurrien arabera aforoa udarekin adostuko da.

  Txosna muntatzeko deialdia egin da ostegun eta ostiralerako, ireki, larunbat eguerdian irekiko baita. Lehen egun horretan, jolasak eta musika nagusi izango dira, Tribade eta No name tiriti taldeen emanaldiaren ondoren DJ pintxada antolatu baita. San Migel bezperan, irailaren 28an, berriro irekiko da txosna eta Txantxikuaren jaitsierarik ez da izango baina pregoia egingo da. Aurretik Distopia elektrotxaranga eta ondoren DJ Malandro eta karaokea iragartzen dira.

  Urriaren 1etik 4ra berriz, egunero izango da ekitaldiren bat txosnagunean eta asko haurrei zuzenduta. Urriaren 1ean Kiki, Koko eta Moko pailazoen ikuskizuna iragarri da eta Errosaixo domekan, haurrentzako jolasak, goiz eta arratsaldez, eta ipuin kontaketa saioa. 19:00tatik aurrera berriz, Mentertz eta Ibil bedi taldeen emanaldia. Bezperan, Herri eguna izan beharko lukeen zapatuan ere jolasak izango dira, kasu honetan gazte eta helduei zuzenduta eta Erroka eta Bidean erromeria taldeak, DJ saioarekin batera. Errosaixo bixamon egunean amaitzeko bingo musikatua eta klasikoa den Dibertsioak izango da.

  Aipatu egitaraua aurrera eramateko udal baimena eta 9.800 euroko dirulaguntza ematea erabaki zen osteguneko Tokiko Gobernu Batzarrean. Era berean, hiru baldintza jarri ditu udalak: erantzukizun zibileko poliza egin eta aurkeztea, 18 urtetik beherakoei alkoholdun edaririk ezin zaiela saldu dioen kartela jartzea eta ixte ordutegia iristean txosna itxi, musika kendu eta edariak saltzeari utzi beharko zaiola.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!