Oñatiko udala

“Oñatiko errotak bueltaka” izenburupean hitzaldi eta bisita gidatu ziklo berezia abiatuko du Turismo Bulegoak

2015/03/23
Card image cap
Ekimena, bi hilean behin gauzatuko da eta helburua, herriko historia, tradizioa eta etnografia ezagutzera ematea da

  Olabarrietako errota da egun herrian martxan dagoen bakarra, baina mendeetan zehar 20 baino gehiago izan dira. Errotek, herriko historian izan duten garrantzia kontuan hartuta, gai hori hautatu du Turismo Bulegoak Oñatiko historia, tradizioa eta etnografira ezagutzera emateko dibulgazio zikloa abiatzeko. Asmoa, bi hilean behin gai baten inguruko hitzaldia egin eta hitzezko azalpenen osagarria izango den bisita gidatua antolatzea da.

  Etzi, eguaztenean, Jerardo Elortzak errotek herrian izan duten garrantziaren inguruko hitzaldi egingo du. Hitzaldia, Turismo bulegoan izango da, San Migel errota zaharberritua dagoen lekuan bertan. Arratsaldeko 7etan hasiko da. Hitzaldiaren jarraipen gisa, iganderako, bisita gidatua antolatu da. San Migel errotan hasiko da eta Larrañako Irazola baserrian amaituko da. Han, ogia nola egiten den ikusi ahal izango da. Hitzaldia eta bisita doan dira eta herritar guztiak parte hartzera gonbidatzen dira.

  Dibulgazio ziklo honen bigarren ekitaldia maiatza-ekaina inguruan egin asmo da. Korpus garaia izango denez, gaia, herrian hain errotuta dagoen ospakizuna eta elementu bereizgarriak izango dira.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!