“Oñati ondo hornituta dago gizarte zerbitzuetan, baina hobetzen jarraitu behar dugu” esan du Maite Peña Gizarte politikako diputatuak.

2019/05/21
Card image cap
Peña Oñatin izan da Ainhoa Galdos alkategaiarekin herriko premia sozialak aztertzen

  Maite Peñak hitzaldia eman zuen atzo goizean Kultur etxean eta Gipuzkoako gizarte zerbitzuen erronkei buruz berba egin zuen. Oñati hizpide hartuta herria ondo hornituta dagoela esan zuen, bereziki mendekotasuna dutenen arretan, baina hobetzen jarraitu behar dela azpimarratu zuen.

  Gizartearen zahartzeari aurre egiteko bide-orria zehaztuta dutela esan zuen diputatuak eta Gipuzkoako arreta ereduaren barruan aukera moduan ikusten dutela gaineratu zuen. Zentzu horretan Adinberri Zahartze Osasuntsurako estrategia abiatu dutela zehaztu zuen, ikerketa eta berrikuntzaren aldeko apustua ere egiten duen estrategia. Bide-orri horrek zerbitzu gehiago jartzea ez ezik, prebentzio lana egin eta hartarako bitartekoak jartzea ere eskatzen du, zahartze aktiboa sustatuz edota etxez etxeko laguntza hobetuz, besteak beste.

  Oñatiko premia sozialen inguruan,  Ainhoa Galdos alkategai jeltzaleak esan zuen helburua adineko pertsonei gero eta arreta hobea eskaintzea dela, gero eta autonomia handiagoa bermatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean arituko direla eta mendekotasun maila txikia duten nagusiak artatzeko zerbitzu berri bat martxan jarriko dutela aurreratu zuen. Bakardadeari aurre egiteko berriz, zahartzaro aktibo eta osasuntsuagorako programak sustatuko dituztela adierazi zuen Galdosek, Oñati, Euskadi Lagunkoia egitasmora batuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!