Oñatiko udala

“oñati.bonoak.eus” ekimena abian da

2020/10/16
Card image cap
Udalak 110.000 euro bideratuko ditu diruz lagundutako erosketa bonuen bidez, kontsumoa sustatu eta tokiko komertzioa balioan jartzeko asmoz

  Atzo arratsladean egin zen oñati.bonoak.eus ekimenaren aurkezpen ofiziala nahiz eta aplikazioa astean erabilgarri jarri den. Udaleko, TXANDA elkarteko eta aplikazio informatikoa garatu duen Magnet kooperatibako ordezkariek egin zuten erosketa bono berrien eta hartarako propio garatu den aplikazioaren presentazioa. Tokiko kontsumoa sustatzea eta herriarentzat hain garrantzitsua den bertako komertzioari laguntzea da ekimenaren helburua.

  Tokiko merkataritzak duen garrantziaz berba egin zuen Izaro Elorza alkateak eta sektorea biziberritzeko asmoz udalaren enkarguz egiten ari den plana gogoratu zuen. Egungo osasun egoeran gainera, herriko merkataritza bizirik mantentzearen beharra azpimarratu zuen.

  Udalak 110.000 euro bideratuko ditu diruz lagundutako erosketa-bonuetara, salgaien arabera, kostuaren % 5 edo % 20 bere gain hartuz, apirilean Kuttuna bonoekin egin zuen bezala. Bi modutan eskuratu daitezke erosketa bono berriak,  oñati.bonoak.eus plataforman zuzenean, norberak alta emanda edo ekimenera atxikitako dendetan. Dagoeneko 60 merkatarik eman dute izena baina datozen egunetan gehiago batzea espero da.

  Oñatin erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrek eskuratu ditzakete jada bonuak, 200 euroko mugarekin, pertsonako. Komertzio bakoitzak gehienez 15.000 euro fakturatu ahal izango ditu diruz lagundutako bonuen bidez, ahalik eta merkatari gehienei laguntzea baita helburua. Erosketa bono hauek oparitu ere egin daitezke, aplikazioa hartarako prestatu baita.

  oñati.bonoak.eus aplikazioa aktibo dago jada, beraz, bonoak eskuragarri daude on-line nahiz dendetan, esan bezala, eta horiek gastatzeko abenduaren 31ra arteko epea izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!