“Oinaztu” aisialdi elkarteak, udalarekin elkar lanean, udaleku itxiak antolatu ditu 12-17 urte bitarteko oñatiarrentzat

2015/04/21
Card image cap
Izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 25a arte.

  Oinaztu aisialdi elkartea, elkarte berria da. Eta berria da baita ere, proposatzen duen ekimena: herriko gazteei zuzendutako udaleku itxiak. Udaleku hauek, Elosuko apaiz-etxe zaharrean egingo dira uztailaren 17tik 25era.

  Udalekuok, Oñatin erroldatuta dauden 12-17 urte bitarteko gazteei zuzendu zaizkie eta asmoaren berri emateko, aurkezpenak egingo dira ikastetxez ikastetxe, datorren astean. Baina dagoeneko, izena emateko epea zabalik dago pasa den asteaz geroztik.

  Eskaintza berria izaki, gauzatu ahal izateko gutxieneko partaide kopuru bat ziurtatu nahi dute antolatzaileek. Hori beteko ez balitz, udalekua bertan behera geratuko da. Baina gutxieneko partaide kopuru bat jarri den bezala, gehienezkoa ere mugatu da. Behin plazak beteta, itxaron zerrenda sortuko da eta aukeraketa, eguna eta orduaren arabera egingo da. Beraz, izena lehenbailehen ematea komeni da, nahiz eta horretarako epea, maiatzaren 25a arte den.

  Aisialdi eskaintza berri hau “udaleku mitologikoak” izenburupean aurkeztu da eta astebeteko egonaldian, gazteek, ukendu eta xaboi tailerra, estanpazioa, mendi irteerak, ur jolasak, orientazio ekintzak eta herri kirolak egingo dituzte, besteak beste.

  Uztailaren 17tik 25era egingo diren udaleku itxi hauen kuota 180 € da. Informazio eta izen emate orria udaleko web atarian, www.oñati.eus atarian eskuratu daiteke. Behin beteta, Gaztelekuan entregatu behar da.

 

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!