“Nepal lagunduz” egitasmoa abiatu dute herriko zenbait talde eta eragilek

2015/06/03
Card image cap
Helburua, Nepaleko lurrikarek kaltetutakoei laguntzeko ahalik eta diru gehien biltzea da

  Horrela, labur eta argi adierazi zuten Nepal lagunduz egitasmoko ordezkariek zein helburu duten atzo arratsaldean egin zuten prentsaurrekoan. Egitasmoa, datorren astean abiatuko da eta ekintza nagusiak ekainaren 12an ospatuko den Nepal lagunduz Egunean bilduko diren arren, egitasmoa denboran luzatu eta eragile gehiagorengana zabaldu nahi dute, apirila eta maiatzeko lurrikara gogorren ondoren, laster hasiko den montzoiak egoera larriagotu egingo baitu Nepalen.

  Oñatiko Udala, Mendiak eta herriak, Aloña Mendiko mendi saila, Turismo bulegoa, Debagoienako nepaldarrak eta beste hainbat herritar eta eragilek osatu dute Nepal lagunduz egitasmoa. Helburua, taldea zabaltzea da eta ahalegin horretan, herriko ikastetxeekin harremanetan jarri dira eta enpresetara ere jotzeko asmoa dute. Aldi berean, komunikabideetatik desagertu den Nepalen errealitate gogorra presente mantendu eta laguntza bilketa denboran luzatzea ere lortu nahi dute. Beharra, orain bezala, gerora ere izango baita. Horretxegatik, oraingoz, ekainera mugatu den ekintza programa osatu eta luzatzeko ekimen berrietara zabalik dagoela adierazi zuten atzoko prentsaurrekoan.

  Ahalik eta diru eta laguntza gehien batzea da antolatzaileen helburua. Horretarako, itsulapiko solidarioak jarriko dira Kultur etxean, Turismo bulegoan eta Kiroldegian. Gainera, kontu korronte bat irekiko da eta egingo diren ekintza guztietan, borondatea emateko kutxak jarriko dira. Diruarekin zer egin erabakitzeko dago oraindik, baina Nepalen zuzenean lan egiten ari diren zenbait mendizale eta eragile ezagutzen dituzte eta Oñatiko laguntza beraien bitartez helarazi daiteke. Beste aukera bat Debagoiena mailan lantzen ari den egitasmora batzea da. Eskualdean, etxerik eta familiarik gabe geratu diren eta esklabo edo prostituta bihurtarazteko arriskuan dauden neskatilak jaso eta laguntzen dituen Gobernuz Kanpoko Erakunde bati babesteko dirua batzen ari dira.

  Baina laguntza zertara bideratu aurretik, laguntza hori bildu behar da eta horretarako, diapositiba emanaldia, Nepal lagunduz eguna eta argazki erakusketa antolatu da.

  Ekainaren 10ean egingo den diapositiba emanaldian Eusebio Novoaren argazkiak ikusiko dira. Lurrikarek gehien kaltetu dituzten zonaldeak eta bertako biztanleen irudiak erakutsiko dira eta aldi berean, lurrikaren ondoren inguru horiek nola geratu diren ere erakutsiko da.

  Ekainaren 12an, plaza Nepal txiki bihurtu asmo da eta Debagoienean bizi diren nepaldarrek sukaldatuko dituzten hainbat jaki, pintxotan salduko dira. Pintxopote solidario hau diaporama batez eta musikaz jantziko da.

  Ekainaren 15etik 30era bestalde, Felipe Uriarteren argazkiz osatutako erakusketa egongo da Turismo Bulegoan.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!