Oñatiko udala

“Izan bidea” dinamika 3 zutabetan eta sei mendi tontor igoaz osatuko da Oñatin, urriaren 3an

2020/09/22
Card image cap
Egun berean Euskal Herriko 650 tontor igotzeko erronka bete nahi du SAREk

  Izan bidea euskal preso eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko urratsak eman eta kilometroak egitean datza; elkarbizitzaren eta bakearen aldeko ibiltarien sare erraldoia osatzen doan heinean, aldarrikapena ikusaraztea. Maiatzean ekimena aurkeztu zenetik 3600nen bat lagun batu dira eta 428.000 kilometro egin dituzte, oinez, bizikletaz, mendian gora eta abar. Orain, Euskal Herri mailako deialdi orokorra egin du SAREk eta egun berean, urriaren 3an, Euskal Herriko 650 tontorretara igotzeko erronka bota du.

  Ekimenaren antolakuntza tokian tokiko taldeen esku utzi da, aurrekoetan bezala, eta Oñatiko taldeak zehaztu du jada: hiru zutabetan herriko mugen barruan dauden sei tontor igoko dira. Zutabe horietako bat Santa Marinatik irten eta Arranoaitzera abiatuko da; bigarrena, Arantzazutik irtenda bi adarretan banatuko da Aloñara eta Artzanburura joanez eta hirugarrena, Araotzeko frontoitik irtengo da eta taldeak Andarto, Ahumategi eta Orkatzategiko tontorretara joango dira. Irteteko hitzordua 9:00tan egin da. Bakoitzak bere martxan egingo du tontorrerainoko bidea eta asmoa, 11:00etan sei tontorretan talde argazkiak ateratzea da.

  Euskal Herriko 650 tontor igotzeko ekimen honen aurkezpen oharrean zera dio SAREk: urratsak emateko prest gaude, maldan gora eta ehera, baina guztiok batera, egoera honekin behin betiko amaitzeko. Izan ere, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia dela uste baitute SAREko kideek, hau da, salbuespeneko espetxe politika behin betiko alboratu eta presoen etxerako itzulera graduen arabera gauzatzea. Aldarrikapen horrekin bat eginda Oñatiko sei tontorretara eta Euskal Herriko 650etara igotzeko ekimenean parte hartzera deitzen du SARE taldeak.

  Ekainaren 13an Izan bidea ekimenean parte hartzeko lehen gonbidapen orokorra zabaldu zuen Oñatiko Sarek herritarren artean. Orduan, Foruen enparantzan elkartu eta hainbat talde edo zutabetan oinez, bizikletaz, korrika eta patinez, herritik itzulitxoa egin zen eta amaieran Izan bidea ekitaldia egin zen plazan bertan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!