“Identitateak eta euskal zuzenbideak” izeneko liburua argitaratu du Lege Soziologia Institutuak

2018/07/04
Card image cap
Lau hizkuntzatan dagoen liburu elektronikoa, institutuaren webgunean eskuragarri dago, doan

  Argitaratu berri den liburua EHUko irakasle Joxerramon Bengoetxeak koordinatu du, Touluseko unibertsitateko Amane Gogorza eta Bordeleko unibertsitateko Alexandre Zabalzaren laguntzarekin. Hamalau egileren lanak biltzen dira Identitateak eta euskal zuzenbideak lanean. Bengoetxearen  esanetan, euskal identitateak eta tradiziozko zein gaurko gizarte eta zuzenbide mota edo formak, disziplina eta metodologia desberdinetatik arakatzen ditu liburuak. Etxea, baserria, Biltzarrak, auzoa, elkarlana, ahaidetasuna, migrazioa, mugaz bestaldekotasuna, hizkuntzaren normalizazioa eta beste hainbat gai ikuspegi ezberdinetatik aztertzen dira, zuzenbidetik, literaturaren soziologiatik, mitologiaren antropologiatik, etnologiatik edota historia ikuspegitik.

  Liburua elkarlan proiektu baten ondorio da, Bordeleko Montesquieu unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Oñatiko Lege  Soziologia  Institutuak parte hartu dutelarik. Oñatitik bi mintegi antolatu ziren,  Bordelen bata, 2013ko udazkenean, eta Oñatin bertan bestea 2014ko udaberrian. Mintegi horietan aurkeztu ziren ponentzia eta material batzuk bildu dira liburuan, eta dokumentuak gaurkotu eta gainbegiratzeaz arduratu dira lanaren koordinatzaileak.

  Euskarazko, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko entseguek osatzen dute bilduma, eta bakoitza idatzi zen hizkuntzan argitaratu da, koordinatzaileek zinez sinesten baitute hizkuntzen eta identitateen bizikidetzan. Hori da liburu honen mezu garrantzitsuetako bat esan dute, alegia, Euskal Herrian hizkuntza desberdinak egiten direla eta euskaldunok hizkuntza desberdinetan mintzo garela. Liburua, esan bezala, Lege Soziologia Institutuaren web gunean eskuragarri dago, doan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!