“Hikalaguna” egitasmoa martxan jarriko da, hika berba egiten ikasi nahi dutenentzat

2020/02/05
Card image cap
Egitasmoa aurkeztu eta taldek osatzeko bilera egingo da hilaren 14an

  Noka, emakumezkoen hitanoa biziberritzeko asmoz iaz sortu zen Ingo xonau! proiektuaren baitan Hikalaguna ekimena martxan jarri asmo da. Berbalaguna egitasmoak duen dinamika berbera errepikatuko da, hau da, hika berba egiten dakitenak eta ikasi nahi dutenak taldeka elkartuko dira, eta eurek adostutako egun eta orduan, elkarrekin berriketan arituko dira, ahal dela, astean behineko maiztasunez. Hasieran, bi hilabeteko frogatxoa egin nahi da. Epea beteta afaria egingo dute guztiek elkarrekin esperientzia baloratu eta mintza-praktika, kasu honetan, hika-praktika taldean egiteko.

  Hikalaguna egitasmoa hika dakiten eta ikasi nahi duten guztiei zuzenduta dago, izan emakume izan gizonezko. Noka/toka   lantzea baita helburu orokorra. Baina horretarako, erregistro berezi hori dakitenak eta ikasi nahi dutenak elkartu behar dira. Aurkezpen bilera irekia antolatu da hilaren 14rako. Bidebarrieta kaleko Euskaldun berria gelan izango da, 19:00tan. Asmoa, lehen taldea otsailean bertan elkartu eta praktikatzen hastea da.

  Hikalaguna egitasmoa ez da guztiz berria, Donostia edota Orio aldean halako taldeak egon badaude. Geroz eta gutxiago erabiltzen den hika trataera galdu ez dadin kezka zabalduta dagoenaren adieerazle.

  Eta bitartean Ingo xonau! proiektuaren baitan, oinarrizko aditz taula eta noka erabileraren inguruko oinarrizko materiala prestatzen ari dira.

  Hikalaguna egitasmoak, esan bezala, Berbalaguna proiektuan du oinarria. 3 taldetan banatutako 17 lagunek osatzen dute Berbalaguna proiektua une honetan Oñatin.    

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!