“First Lego League” lehiaketan parte hartuko dute bihar Oñati institutuko ikasleek

2021/05/07
Card image cap
“Oñati replay” aplikazioa sortu dute, gizarte aktiboagoa sustatzeko helburuz

  Zuazola institutuko 4. DBHko ikasleek First Lego League lehiaketako finalean parte hartuko dute, bihar, Arrasaten. Deustun eta Donostian ere beste bi final jokatuko dira, aldi berean. Ekintza ludikoen bidez 10 eta 16 urte arteko gazteak teknologia eta zientziaren mundura erakartzea da First Lego League programaren helburua.

  Erronketan oinarritutako ikaskuntza bultzatzen du lehiaketak eta, aurten, gizarte aktiboagoa sustatzea zen helburua. Horretarako, Oñatiko ikasleek Oñati Replay Lego Dance aplikazioa sortu dute, herriko espazio natural ezberdinak gune aktibo bihurtuz. App honetan espazio ezberdinak definitu eta bertan egin daitezken kirol eta jolasen bideoak ikusteaz gain, inguruko natura eta ondare kulturalaz gozatzeko aukera dago, ikasleek propio sortu duten abestia entzutearekin batera. Institutuko ikasleek herriko hainbat aditurengana jo dute aplikazioa sortu eta edukiz osatzeko laguntza bila.

  Bihar goizean, lehen orduan egingo dute aplikazioaren aurkezpena Oñati institutuko ikasleek Arrasaten, Mondragon Unibertsitatean jokatuko den finalean. Misio ezberdinak gainditu beharko dituen robota ere diseinatu dute eta hainbat ariketa burutu beharko dituzte denbora tarte jakin batean. Arrasate, Donostia eta Deustuko Euskadiko finaletatik sei talde sailkatuko dira estatu mailako final handirako.

  Hirugarren urtea da Oñati institutuko ikasleak First Lego League lehiaketan parte hartzen dutela eta hasieratik Ulma kooperatibaren babesean aritu dira. Egungo osasun egoerak hala eraginda 10 lagun bakarrik joan ahal izango dira lehiatzera eta finala aurrez aurreko ikuslerik gabe burutuko da, nahiz eta online jarraitzeko bitartekoak jarriko diren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!