“Ezkutuko altxorrak” turismo eskaintza berria abian da Debagoiena, Urola Erdia eta Urola Garaia eskualdeetan

2016/04/19
Card image cap
Ekainaren 26ra arte 23 bisita gidatu berezia antolatu dira

  Ekimena, Ignaziotar lurraldea proiektuaren baitan sortu zen orain bizpahiru urte. Egitasmoan hiru eskualdek bat egiten dute: Debagoiena, Urola Erdia eta Urola Garaiak. Bailara hauetan dauden baliabide historiko, artistiko eta kulturalak ezagutzera eman asmoz, bisita gidatu bereziak antolatu dira apirilaren 16tik ekainaren 26a bitartean. Bi hilabete eta erdi hauetako asteburuetan, zapatu eta domeketan, aurrez zehaztutako bisitak egin ahal izango dira. Guztira, 23 gune bisitatuko dira, kaperak, burdinolak, baserriak, errotak eta abar.

  Oñatin, Madalena ermita bisitatuko da ekainaren 19an. Baina egitarauan Arrasteko San Valerio ermita, Aretxabaletako kanpai joleak, Eskoriatzako Zubiate labea, Antzuolako Antiguako ermita eta herri erdigunea, Leintz Gatzagako Dorleta Santutegia edota Elgetako Jasokunde Amaren Elizako erretaula ezagutzeko bisitak jaso dira, besteak beste. Egitasmoan, Azpeitia, Azkoitia, Ezkio-Itxaso, Legazpi, Zumarraga eta Urretxuko beste hainbat eraikin ere ezagutaraziko dira. Programa osorik ikusteko, www.ignaziotarlurraldea.com atarian kontsultatu daiteke.

  Ezkutuko altxorrak turismo eskaintza pasa den asteburuan abiatu zen Ezkio Itsasoko San Migel eliza eta Azkoitiko Insausti jauregia bisitatuz. Datorren asteburu honetan berriz, Azpeitiko Gune Inaziotarrak eta Eskoriatzako Zubiateko labea ezagutaraziko dira. Parte hartzeko,  izena aurrez eman behar da. Debagoienean, Mankomunitateko Turismo Departamentura deituta egin daiteke: 943.796364 telefono zenbakian.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!