“Euskera, añubea eta eguzkibegixa” ikuskizunaren bigarren emanaldi bat antolatu da, hilaren 31rako.
Hasieran, gaueko 10etan iragarri zen “Euskera, añubea eta eguzkibegixa” ikuskizunaren emanaldi bakarra, baina sarrerak agortzen ari zirela ikusita, bigarren emanaldi bat programatu eta eskaintzea erabaki zuten antolatzaileek. Egun berean, hilaren 31an izango da baita ere baina 3 ordu lehenago, arratsaldeko 7etan hain zuzen ere. Emanaldi honetarako sarrerak salgai daude jada Txokolateixan.
Horren berri eman zuten atzo Oñatiko Euskal Memoria Taldeko kideek “Euskararen soka hautsia” izenpean bildu duten egitarauaren aurkezpena egiterakoan.
Talde honek osatu duen azken ikerketa lanaren emaitza da datozen bi asteetan burutuko diren ekintzak.
Oñatiko Euskal Memoria Taldeak orain bi urte ekin zion euskarak bizi izandako zapalkuntza lantzeari. Hala, euskararen kontrako jazarpenaren lekuko izan diren hainbat oñatiar elkarrizketatu zituzten eta Oñatin bezala beste herri batzuetan jaso ziren testigantzetako batzuk bilduz, “Euskararen kate hautsiak” izeneko liburua kaleratu zen. Hori oinarri hartuta, “Euskara, ospeletik eguterara” erakusketa muntatu zen eta izen bereko dokumentala ere egin zen.
Izan ere Euskal Memoria fundazioaren helburua, tokian tokiko lekukotza horiek jasotzea da baina aldi berean, halakoen zabalpena egitea. Eta horren haritik, osatu da, esan bezala, datorren astelehenetik aurrera martxan jarriko den egitaraua.
Astelehenean bertan, aipatu “euskara, ospeletik eguterara” erakusketa Kultur Etxean ikusgai jarriko da. Herririk herri dabilen materiala, Oñatiko hainbat lagunen testigantzez osatu dute.
Hilaren 30ean, eta Gipuzkoako Foru aldundiak zuzenean antolatuta, Ika-mizka, euskararen inguruko hausnarketa mahai inguru saioa egingo da Enpresagintza Fakultatean.
Urriaren 31an, berriz, “Euskara, añubea eta eguzkibegixa” ikuskizunaren emanaldi bikoitza egingo da Santa Ana aretoan. Ikuskizuna multimedia honek euskararen jazarpena historian zehar laburbiltzea du helburu. Aipagarria da, lan taldea 60 pertsonak osatu dutela eta horietatik % 90a oñatiarra dela.
Egitaraua osatuz, bestalde, azaroaren 5ean Jerardo Elortzaren hitzaldia izango da Kultur Etxean. “Euskararen gorabeherak Oñatiko eskoletan XX. mendean” gaiaz arituko da.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!