“Euskaraz bizi nahi dut” bandera balkoietan jartzeko gonbidapena egiten da udaletik.

2012/11/23
Abenduaren 1ean lema berbera izango duen manifestaziora joateko deialdia ere zabaldu du alkateak.

  Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, abenduaren 1ean manifestazioa egingo da Donostian. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak antolatu du Euskaraz bizi nahi dugu lemapean. Udal Gobernu Taldeak, deialdiarekin bat egin du, eta herritarroi beste horrenbeste egiteko gonbidapena luzatu die. Manifestazioa, euskaldunon euskaraz bizitzeko nahia eta eskubidea errespetatzearen alde egingo da, Donostian esan bezala.

  Era berean, eta Kontseiluak eginiko proposamenarekin bat eginez, udaletxeko balkoian Euskaraz bizi nahi dut bandera jarriko da. Kasu honetan ere, herritarrei antzeko keinua egitea eskatzen zaie, alegia, etxeko balkoietan Euskaraz bizi nahi dut bandera jartzea. Azaroaren 26tik abenduaren 3ra bitartean, herria aldarrikapen ikurraz bete nahi da.

  Ekimenean parte hartzera animatzen denak, bandera, euskaltegian eskuratu ahal izango du 3 euroren truke.

  Udal Gobernu Taldeak, euskaraz bizitzera eta euskaraz gozatzera animatu nahi gaitu urte osoan baina bereziki Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko egun hauetan. Guztion ahalegin horretatik euskaraz bizi ahal izango dugula azpimarratzen du Gobernu Taldeak, ilusioa eta nahia, pertsona bakoitzetik, taldera, taldetik udalerrira eta udalerri bakoitzetik Euskal Herri osora zabalduz.

Iturria: Oñati irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!