“Euskara eta turismoa: aukerak eta arretaguneak” jardunaldian parte hartuko du udaleko Turismo teknikariak
Euskara eta turismoa nola uztartu eta euskara turismo eskaintzan nola eta zertarako nabarmendu aztertzeko jardunaldia izango da, udalerri euskaldunetako herri turistikoenetan azken urteotan sortutako kezkak aztertzeko, hausnarketak partekatzeko eta lanerako ildo berriak zehazteko. UEMAk eta Udako Euskal Unibertsitateak antolatu dute, Orioko Udalaren laguntzarekin. Jardunaldia bihar izango da Orion, Arraunetxean, 10:00etan hasita; kanpotik datorren bisitariarentzat euskara eta euskal kultura erakargarri bihurtzeko estrategia eta bitartekoak landuko dira.
UEMAk 2017an ekin zion udalerri euskaldunetako turismo eskaintzan euskarak izan beharreko lekuari buruzko hausnarketari, horretarako lantaldea sortuz. Bisitariak jaso ohi dituzten hainbat udalerri euskaldunen kezkak bi norabide zituen hasieran: turismo guneetako merkatari eta ostalari askok euskara ezkutatzeko duten joera batetik, eta herrietako egoera soziolinguistikoan eta hizkuntza ohituretan bisitariek zenbaterainoko pisua duten, bestetik. Baina gai horien inguruko pertzepzioak datuetara eraman nahian, bisitariek euskararekiko duten ikuspegia aztertu zuen iaz UEMAk, inkesten bidez. Jasotako erantzunetan joera argia ikusten zen: bisitari ia guztiek eskertu egiten dute euskara ikusi edo entzutea, eta askok nahita hautatzen du udalerri euskaldunetara etortzea, euskararekin topo egiteko.
UEMAko ordezkariek ezinbestekoa ikusi zuten euskarak turismo eskaintzan jokatu behar duen paperari buruzko hausnartu behar zela eta horretara dator biharko jardunaldia. Oñatin ere bada turismoa eta euskara uztartzearen inguruko kezka. Horren isla aurtengo udan jorratu den kanpaina berezia: Ongi etorri euskararen herrira izenekoa. Gogoratu, bisitariei, oinarrizko hitz eta esamoldeak euskaraz egin edo ulertzeko hiztegitxoa eskaintzen zitzaiela. Etorkizunera begirako estrategiak lantzeko udaleko Turismo teknikariak biharko jardunaldian parte hartuko du.
Hizkuntza ekologiaz, turista jasangarriaz eta beste herrialde batzuetako esperientziez hitzaldiak eta mahai ingurua egingo dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!