“Erreusak” egitasmoa gauzatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute Udalak eta "Gure bazterrak" taldeak

2021/04/19
Card image cap
Herriko baserrietan dagoen ondarea katalogatu, datu base batean jaso eta herritarren eskura jartzea da helburua

  Gure bazterrak taldeak urte amaierara bitartean egingo duen lana bat dator Udalaren helburuetako batekin, Izaro Elorza alkateak adierazi duenez, hau da, herriko ondarea jaso, balorean jarri eta gizarteratzearekin. Zentzu horretan, Erreusak egitasmoa diruz babestea erabaki dutela argitu du goizean egin den lankidetza hitzarmenaren sinatze-ekitaldian. Udalak, 15.000 euroko dirulaguntza emango du. 

  Erreusak hitzak hondatutako zerbaiti erreferentzia egiten dion arren, baztertutako ondare horri balio historiko-soziala ematea da egitasmoaren xedea. Herriko 16 auzotan dauden 90en bat interes-gune bisitatu asmo dira: 80 bat baserri, 3 tailer eta 5 erakunde talde; 5na gune auzo bakoitzeko. Lehen kontaktuak egin, baimenak sinatu eta piezak gainbegiratzen hasi direla adierazi dute; 1300 pieza inguru katalogatu nahi dira.

  Baserriz baserri ibiliko diren 72 bolondres bildu nahi ditu taldeak landa lana egiteko. Landa lana uztaila eta abuztuan zehar egingo da eta bolondresei, astebeteko konpromisoa eskatuko zaie, goizez baserrietara joan, piezak identifikatu, argazkiak atera eta informazioa jasotzeko. Nola lan egin eta fitxak nola bete erakusteko bi formazio saio egingo dira boluntario horiekin. Ez da aditu edo jakintsurik bilatzen, ondarea ezagutu eta horixe jasotzeko interesa izatea besterik ez. Boluntario izateko izen-ematea zabalik dago ekainaren 13ra arte eta Kultur etxetik pasata egin daiteke edo mezua posta elektronikoz bidalita ere bai: erreusak@gmail.com helbidera.

  Lana faseka egingo da. Irailean, katalogazioarekin hasiko dira, argazki eta azalpenez osatuko den datu basea sortuz. Helburua, datu base hori herritarren eskura jartzea dela esan du Klara Larruzeak, Sagarzazurekin batera proiektuan arituko den bigarren arduradunak.

  Erreusak egitasmoaren antzerakoek duten garrantziaz jabetu gaitezen hitzaldi zikloa ere antolatu da maiatza eta ekainerako. Hizkuntza, etnografia eta ondarearen kontserbazioan aditu diren lau lagun izango dira Santa Ana aretoan berba egiten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!