“Erase una vez…Euskadi” pelikulako taldea Oñatira itzuliko da bihar

2020/09/17
Card image cap
Orueta etxean filmatu zuten eszenaren bat errepikatu behar dute

  Orain bi aste, irailaren 3tik 6ra, egon zen Oñatin Erase una vez…Euskadi pelikulako taldea Aozaraza kaleko Orueta etxean, hainbat filmatze lan egiten. Errebisatu ondoren, toma batzuk errepikatu beharra ikusi du zuzendariak eta horretara itzuliko dira bihar. Lana ez ei da handia eta ordu gutxitan osatzea espero dute. Ultzegin kalean aurrekoan hartu zituzten aparkalekuak berriro erabili ahal izatea eskatu diote Udalari.

  Ultzegin kaleko 40-45 aparkaleku hartuko dituzte berriro bihar, 9:00tatik 16:00ak arte, Arantzazuko Ama kaletik Motxon kalera bitartean. Errementari plazan, Bellotza denda ondoan, aparkaleku batzuk zintaz itxi dira, bertatik Aozaraza kalera zuzenean sartu ahal izateko. Filmaketa lanak oraingoan ere Orueta etxe barruan egingo dira eta herritarroi ez digute aparteko ondoriorik eragingo, aipatu aparkalekuen erreserba izan ezik.

  Erase una vez…Euskadi 1985eko Euskal Herrian girotuta dago eta Andaluziatik etorritako lau familietako semeen bizipenak kontatzen ditu. Filmaren zuzendari eta gidoiegilea Manu Gomez arrasatearra da eta inguruan, Arrasaten, Oñatin, Bergaran, Soraluzen, Legazpin filmatzen ari dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!