Oñatiko udala

“Eman aukera atez atekoari” lemari jarraituz, 400nen bat herritar elkartu ziren ostiral arratsaldean Santa Marina plazan.

2013/01/14
Zero zabor politikarekin bat eginez, hondakinak kudeatzeko eredu zirkularraren alde agertu ziren eta herritarrei, udalak planteatzen duen atez ateko bilketa sistemari aukera emateko eskaera egin zuten.

  Zine aretoa txiki geratu zen ostiral ilunkaran. Eman aukera atez atekoari lemapean egitekoa zen agerraldi publikoa bertan egin zen baina aretoa gainezka eta kultur etxe kanpoaldean sartu ezinda geratu zen jende asko zegoela irakurri zen atez atekoaren aldeko babes idatzia. Guztira, 400nen bat herritar bildu ziren.

  Euskaraz eta gazteleraz irakurri zen idatzian, hondakinen kudeaketa mundu mailako arazo bihurtu dela onartzen da, hondakinak etengabe sortzen ditugulako eta egun gurean nagusi den eredu linealaren ondorioz, berez mugatuak diren baliabideak agortzen ari direlako eta hauek zabortegian edo errauskailuetan amaitzen dutelako.

  Alde horretatik, hondakinen kudeaketa eredua aldatzearen beharra azpimarratu zen agerraldian, bertan bildutakoek, birziklaia eta berrerailera bultzatzen duen eredu zirkularraren aldeko apostua egiten dutela azaldu zuten.

  Herritarrei, atez atekoari aukera eman diezaioten eskatu ez ezik gaur abian jartzen den prozesuan parte hartzeko eskaera ere luzatu zuten. Atez atekoa hondakinak jasotzeko sistema den aldetik, era ezberdinetara egin baitaiteke, eta Oñatin nola egin danon parte hartzearekin erabaki nahi baita.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!