Oñatiko udala

“Dendatu” ingurumenarekiko eraginkortasuna neurtzeko tresna aurkeztuko da ostegunean

2022/10/25
Card image cap
Merkatarientzat propio sortu den autodiagnostikorako tresna zelan erabili azalduko da Santa Ana aretoan

  Gipuzkoako Foru Aldundiak garatu duen tresna da Dendatu deritzona. Saltokiek ingurumenean duten eragina modu errazean eta minutu gutxi batzuetan neurtu eta hobetzeko jarraibideak proposatzea da helburua.

  Dendatu autodiagnostikoan oinarritzen da. 18 galderen bidez ekonomia zirkularraren arloan eta Garapen Jasangarriaren Helburuen inguruan dagoeneko egiten duena ezagutuko du merkatariak eta, egungo egoera ezagututa, hobetu ditzaken arloak garatzeko jarraibideak gomendatuko zaizkio. Ekonomia zirkularreko irizpideen egoera ezagutzeko eta trantsizio ekologikoa errazten duten eguneroko praktiketan aldaketak egiten hasteko lehen pausoa da Dendatu.

  Dendatu ekimena ezagutzera emateko aurkezpen ekitaldia antolatu da ostegun arratsalderako, 14:00etatik 15:30era, Santa Ana aretoan. Bertan izango dira Enrique Ramos Obra Hidraulikoetako foru zuzendaria eta Karmelo Guridi Udaleko Sozioekonomia zinegotzia. Ingurumenarekiko eraginkortasuna neurtzeko tresna zertan den azaltzeaz gain, momentuan erabiltzera gonbidatuko dira dendariak, zein erraza den ikusi dezaten. Horretarako gailu elektronikoren bat eraman beharko dute, izan mugikorra, tableta edota ordenagailu eramangarria. Proposatutako autodiagnostikoa bertan egiteko aukera izango dute. Amaieran luntx txiki bat eskainiko da, sortu diren zalantzak argitzeko tartetxoa hartuz.

  Komertzioak produktuen saltoki baino gehiago dira gaur egun. Inguruarekin konpromisoa duten negozioak dira bizilagunak eta ingurumena zaintzeko ardura hartzen baitute. Salgaien bilgarri edo enbalajea aldatzea, negozioen eraginkortasun energetikoa hobetzea, hondakin gehiago birziklatzea edo langileen ongizatea hobetzeko bitartekoak jartzea keinu oso eraginkorrak izan daitezke. Halakoak proposatzen ditu Dendatu autodiagnostikorako tresna berriak.
Horren berri emango da ostegunean Santa Ana aretoan, herriko dendariei zuzenduta antolatu den aurkezpen ekitaldian. Bertaratzeko asmoa dutenei aurrez izena ematea eskatzen zaie.

Iturria:Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!