“Arantzazu'' dokumentalak pantaila handira eramango du frantziskotarren ekarpen zabala

2023/11/24
Card image cap
Durangoko azokan erakutsiko da “Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri bat” lana

  Pello Sarasuak zuzendu duen dokumentalak Arantzazuko ekarpen sozial, kultural eta espiritualei buruzko irakurketa intimoa aurkezten du. Frantziskotarrek 500 urtetik gora daramatzate Arantzazun eta beraien motibazio erlijiosotik, ondare immaterial baliotsua eman diote herriari, frantziskotarrentzat Anaidia, komentua ez ezik, gizartea ere badelako, Euskal Herria, mundua.

  Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri bat ikus-entzunezkoa Arantzazulab-ek sustatu du, fundazioak Arantzazuko ondarea eraberritzeko eta ezagutzera emateko abiatu duen aro berrituaren baitan. Pelikularen aurrestreinaldia Zinebi jaialdiaren Bertoko begiradak sailaren barruan egin zen Bilbon, pasa den astean, eta Durangoko azokan Irudienean proiektatuko da, abenduaren 6an. Aurrez, asteartean Donostiako Tabakaleran aurkeztuko dute Pello Sarasua dokumentalaren zuzendariak eta Joxe Mari Arregi Arantzazuko Frantziskotarren probintzialak.

  Arantzazun garbi dute gaur dena ez litzatekeela izango herririk gabe eta herria ere bestelakoa litzatekeela Arantzazu gabe. Horregatik, Arantzazu dokumentalean frantziskotarren testigantzak hainbat herritarrek esandakoekin uztartzen dira. Lorea Agirre, Izaskun Andonegi, Miguel Angel Alonso del Val, Jose Ramon Beloki, Miren Elgarresta, Xabier Euskitze, Marije Goikoetxea, Alazne Guridi eta Jon Sarasuaren testigantzak jaso dira 70 minutuko iraupena duen dokumentalean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!