Oñatiko udala

“Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen udal ordenantza” urratzea leporatuz udalak hiru herritarren kontrako prozedurak hasi ditu.

2014/02/24
Katuei kalean jaten ematea edo txakurrak inolako zaintzarik gabe libre uztea zigortuko da.

  Abian diren hiru prozeduretatik aurreratuena, katuei kalean jaten emateagatik jarritakoa da, iazko abenduaren 19ko tokiko gobernu batzarrean horren berri eman baitzen eta une honetan, herritarrari, proposatu den isun edo zigor ekonomikoa jakinarazi baitzaio. Baina arazoa aurretik dator. Bidaurreta inguruko herritar batek kale-katuei jana ematen ziela ikusita, hori debekatuta zegoela adierazi zioten behin baino gehiagotan udaltzainek eta udal arduradunek. Animaliak Edukitzea eta Babestea Arautzen duen Udal Ordenantzako 9. artikuluan, erabat debekatzen da kalean, parkeetan eta jardinetan janaria ematea txakur, katu, uso, eta bestelako animaliei. Aipatu udal ordenantzan, arau hau urratzea, arau-hauste arintzat jotzen da.

  Abisua behin eta berriz emanagatik jaramonik egin ez eta pasa den abenduaren lehenean katuei kalean janaria ematen ari zela ikusi zuten udaltzainek eta identifikatu ondoren gaia, esan bezala, tokiko gobernu batzarrean jakinarazi zen. Bileran, isuna jartzea erabaki zen, 120 euroko isuna jartzea proposatu zen. Isun-proposamena jakinarazi zaio jada herritarrari eta 15 eguneko epea eman zaio, ordaindu edo alegazioren bat aurkezteko.

  Ez da hori dena den, animaliak eduki eta babesteko udal ordenantza oinarri hartuta gurean ireki den prozedura bakarra, bi txakur jabeen kontrakoa ere abiarazi baita. Kasu honetan, txakurrak, libre eta inolako zaintzarik gabe uzteagatik. Udaltzainek, kalean, libre, inolako katerik gabe zebiltzan bi txakur atzeman zituzten. Inguruetan, jaberik ere ez zegoen eta txakurtegira eraman zituzten. Ondoren, jabeei abisua eman zitzaien eta aldi berean, animaliak inolako zaintzarik gabe uzteagatik zigor prozesua abiatzea erabaki zen.     

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!