“30 emakume ahaztezin” erakusketa Oñatin ikusgai izango da, uztailaren 19tik 29ra

2021/07/15
Card image cap
Emakumeek gure historiari egindako ekarpena nabarmentzen duen mostra da

  Emakundek sortutako 30 emakume ahaztezin erakusketa Kultur etxeko erakusketa aretoan ikusgai egongo da uztailaren 19tik 29ra. Erakusketak Elena Ciordia artistaren hogeita hamar akuarela biltzen ditu. Horietan, Elena Ciordia artistak gure herriaren historiako emakumeak erretratatu ditu, hainbat diziplinatan nabarmendu diren emakumeak: literatura, bertsolaritza, pintura, argazkigintza, kirola, musika, fisika, politika, etab. Akuarelak ikus-entzunezko beste material eta elementu batzuekin osatzen dira, emakume horien bizitzari buruzko informazioa zabalagoa eskainiz.

  Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidaren hitzetan, luzaroan izan duten errekonozimendu faltak ikusezin bihurtu ditu kasu askotan emakumeak, mundua ezagutzen dugun bezala eraikitzen ekarpen handia egin duten arren. Erakusketa honek guztiak omendu nahi ditu, hainbat diziplinatan nabarmendu zirenak, baina, aldi berean, hain aitortuak ez diren beste lan batzuetan bizitzari eustea ahalbidetu dutenak ere omendu nahi ditu.

  Historiako beste emakume asko izendatuak eta omenduak izatea merezi dutela jakinik, erakusketak herritarren ekarpenak jaso eta beste emakume batzuen oroimena berreskuratzeko espazio ere izan nahi du. Erakusketan panel bat izango da bisitarien proposamenak jasotzeko, emakumeen izenak idazteko; edozein eremutan nabarmentzen diren emakumeak izan daitezke, norbere herrian erreferente diren emakumeak, baita haien familietakoak ere. Ekarpen horiek erakusketa-panelaren bidez egin ahal izango dira edo #emakumeahaztezinak #mujeresinolvidables traola erabiliz sare sozialetan.

  Astelehenean, 17:30etan, egingo da erakusketaren irekiera ekitaldia Kultur etxeko erakusketa gelan. Hortik aurrera bisitagai izango da astelehenetik ostiralera, arratsaldero, 18:00tatik 20:00tara, hilaren 29ra arte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!