2019ko ekonomia balantzea bukatuta, aurtengo gastuen eta inbertsioen berrantolaketari ekin dio udalak

2020/03/13
Card image cap
13 milioi euroko gerakina izan da 2019an

  2019ko ekonomia balantzea bukatuta, 2020ko gastuak eta inbertsioak berrantolatzeari ekin dio Udalak: iazko inbertsioetako dirua txertatuko du 2020ko aurrekontuetan, zenbait diru partida igo ditu eta partida berriak sortu. 13 milioi euroko gerakina izan zen 2019an. Horietatik 8,5 milioi euro txertatuko dira aurtengo aurrekontuetako inbertsioetan martxan dauden proiektuetarako: kiroldegia, natur eskolaren eraberritzea eta Araotzeko ostatuaren egitasmoa. Eta, horrez gain, 1.170. 000 euro erabiliko dira  aurrekontuetan adostutako partidak igo edo berriak sortzeko. Aipagarria da gainera, kiroldegiko maileguaren amortizazioa urtebete aurreratuko dela, 800.000 euroko partida bideratuta. Eta 13 milioiak osatzeko geratzen diren 2,5 milioi inguru, etorkizunean sor litezkeen inbertsio beharrei erantzuteko gordeko da.

  Izaro Elorza alkatearen esanetan, arduraz landu da gaia. Otsailean ezagutu zen 2019ko ekitaldiko behin betiko ekonomia balantzea, baina gerakin positiboa utziko zuela aurreikusita, lanean hasita zeuden. Ordurako, aukera berriak aztertzen, kontraste lanetan, proiektu berrietarako aurrekontuak eskatzen eta hausnartzen hasiak zirela esan du eta Kiroldegiko obra garrantzitsua gogoan, arduragabekerian ezin zutela erori azpimarratu du. Era berean, sortu daitezken inbertsioetarako 2,5 milioi eurok poltsa sortu dela aipatu du, izan Olaitturrirako edota martxan diren beste obretan sor litezkeen hobekuntza proposamenetako.

  Alor ezberdinak kontuan izanik, etorkizuneko urratsak emateko baliagarri izan daitezkeen azterketak egiteko diru partidak sortu ditu Udalak. Hor daude esaterako, hirigintza proiektuen azterketa, ekonomia sozial eraldatzailearen bueltako egitasmoak eta laneratze eta gizarteratze beharren azterketak. Horrez gain, energia berriztagarrien bidean urratsak ematen segitzeko asmoa berretsi du udalak, 50.000 euroko partida sortuz. Gardentasun estrategia lantzeari ekin dio, eta partida berriak sortu ditu danborradako materialara eskuratzeko, Oñatzen 50. urteurreneko ospakizunetarako, azpiegitura teknologikoen hedapenerako eta desfibrilagailu berriak jartzeko.

  Herriko azpiegiturak hobetzen ere jarraituko du udalak eta Azkoagain futbol zelaiaren birgaitzeri loturiko partida handitu du. 64.000 euro gorde dira eraikin zaharra bota eta aldagela modularrak jartzeko. Eta jubilatuen etxea, Gaztelekua edota Eltzia hobetzen segitzeko diru partidak ere handitu dira eta auzoetako inbertsioetara aurreikusitakoa baino 30.000 euro gehiago bideratuko dira. Santxolopetegi auzoan bidegorria egiteko 55.000 euroko partida berria sortu dela jakinarazi da Udaletik.

  Alkatea gustura azaldu da egindakoarekin, alor guztiak kontuan hartuta, 2020ko aurrekontua nabarmen hobetu direla gaineratuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!