2018ko zerga ordenantzek ongizate arloan garrantzitsuak diren hobariak jaso dituztela azpimarratu du EAJk

2017/10/11
Card image cap
Ostegunean onartu ziren ordenantza fiskalen inguruko prentsa-oharra zabaldu du udal talde jeltzaleak

  Oñatik jeltzaleak pozik agertzen dira iritzi artikuluan, behar gehien duten pertsonei zuzenduta aurkeztu zituzten proposamenak aurrera ateratzea lortu zutela adieraziz. Iazko gizarte-ikuspegiari jarraikiz, 2018ko ordenantza fiskaletan ere gizarte-ongizate arloan eraginkorrak eta garrantzitsuak diren hobari gehiago txertatzea eskatu zuen EAJren udal taldeak.

  2017an ludotekako eta gaztelekuko ikastaroetan, eta jabetza eskolako tasetan hobariak txertatzea lortu dela aipatzen da idatzian, eta datorren urtera begira, kiroldegiko, euskaltegiko eta kultur etxeko tasetan ere hobariak aplikatzea lortu dutela azpimarratzen da. Hobari horiek herritarrengan eragin zuzena izango dutela adierazten dute jeltzaleek, bereziki, behar gehien duten oñatiarrengan: DSB edo RGI delakoaren onuradunengan, kide ugariko zein guraso bakarreko familiengan eta genero-indarkeriaren biktimengan, besteak beste.

  Zergei dagokienean, orain arte eman diren hobari eta salbuespenak ordezkatzeko ordenantzak berehala erregulatzeko konpromisoa ere lortu dutela azpimarratzen dute jeltzaleek. Izan ere, araudi aldaketa baten ondorioz,  ematen ziren hainbat hobari ordenantza fiskalen dokumentutik desagertuko dira baina diru laguntza kontzeptuan emango dira. Urte akabera baino lehen diru laguntzen ordenantza hori zehaztea eskatu zuen EAJk osoko bilkuran eta hala egitea onartu zen.

  Baina zabor bilketa tasaz kezkatuta jarraitzen du talde jeltzaleak. Zabor-bilketak udalari  defizita eragiten diola errepikatzen ari dira azken urteetan. Jeltzaleen iritziz, ez da Mankomunitateak gomendatzen duen gastu-mailarekin bat datorren udal tasa aplikatzen. Datu konkretuak ematen dira jeltzaleen idatzian; herriko etxebizitza bakoitzak urteko 131€ ordaindu ei ditu, eta horrek, bizileku eta urteko, 20€-ko defizita sortzen dio udalari. Defizit hori pilatuaz doa. Horregatik, datorren urterako zabor-bilketa tasa 2€ igotzea proposatu zuen EAJk. Osoko bilkuran onartu zen igoera horrekin zerbitzuaren defizitari aurre egingo zaio pitinka eta etorkizunera begira, saihestuko egingo da 2017an ezarri zen bat-bateko igoera, jeltzaleen esanetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!