2018ko aurrekontuak zehazteko herritarren ekarpenak jaso nahi ditu udalak

2017/10/19
Card image cap
Buzoiak jarri dira eta helbide elektroniko bat zabaldu da

  Datorren urterako aurrekontu orokorra lantzen dihardu jada Udalak. Herritarrek ekarpenak helarazi ditzaten deialdia zabaldu du eta horretarako bide gehigarriak martxan jarri ditu. Proposamenak idatziz jasotzeko buzoiak jarri ohi dira; buzoi fisikoak udal eraikinetan: udaletxean, kultur etxean eta kiroldegian eta buzoi elektronikoa, partaidetza@onati.eus. Bi bide horiak aktibo daude jada azaroaren 6ra arte.

  2018ko aurrekontua osatzeko iturriak anitzak erabiliko dira honenbestez: legegintzaldi plana, udal teknikari eta langileen proposamenak, alderdi politikoen ekarpenak eta baita herritarren ekarpenak, aste hauetan jasotzen direnak eta baita aurretik jasotakoak ere. Horrez gain, aurtengo aurrekontuak lantzeko Aurrekontuak arazerixan ekimena landu zen herriko haur eta gaztetxoekin. Prozesu horretan jasotako hainbat proposamen dagoeneko burutu dira baina beste zenbait 2018ko aurrekontuetan txertatuko dira.  Eta 2012an abiatu zen Auzotasun programak ere jarraipena eta isla izango du datorren urteko aurrekontuetan.  Urtero 100.000 €ko diru-poltsa erreserbatu eta banatzen du udalak 16 landa auzoen artean; Diru hori zertan gastatu erabakitzen du auzo bakoitzak. Azken urteotan, auzolanean, auzo-lokalak eraberritu, zerbitzuak egokitu edo ondarea berreskuratu da, besteak beste.

  Aurrekontuen gaia abenduko Osoko Bilkurako gai nagusia izan da urteetan. Aurten, eztabaida aurreratzeko asmoa dago, gaia, azaroko bilkuran aurkeztuz. Hilabete aurreratzeak esfortzu extra bat eskatuko duen arren, praktikan eraginkorragoa izatea bilatzen du gobernu taldeak, izan ere, azaroan onartu eta urte amaiera bitartean argitaratuz gero, aurrekontuen garapenerako urte natural osoa  izango baita, lehen aste edota hilabeteak galdu gabe.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!